Kaledonia Berria

Frantziak abenduaren 12ari eutsi dio hirugarren independentzia erreferenduma egiteko

Kaledonia Berriko independentistek data atzeratzeko eskatu zuten, osasun krisia dela eta. Parisen erantzuna ikusirik, galdeketan ez parte hartzera deitu dute.

FLNKS koalizio independentistako jarraitzaileak mitin batean, artxiboko irudi batean. BERRIA
ander perez zala
2021eko azaroaren 12a
17:49
Entzun

Irudia esanguratsua izan da: ekialdeko kostako Ponerihouen herri independentistan zegoela, eta UC Kaledoniar Batasuna indar subiranista garrantzitsueneko idazkari nagusi Pierre-Chanel Tutugoro aurrean zuela, Frantziako Goi Komisario Patrice Faurek jakinarazi du Parisek deskolonizazio prozesuko hirugarren erreferendumaren datari eustea erabaki duela, galdeketa atzeratzeko arrazoirik ez dagoela argudiatuta. Hortaz, aurreikusi bezala, bozketa erabakigarria hilabete barru egingo dute, abenduaren 12an; oraingoan, baina, aldaketa nagusi batekin: galdeketa horretan ez parte hartzera deitu dutela indar, mugimendu eta sindikatu independentistek.

Datorren hilabeteko erreferenduma Kaledonia Berriko deskolonizazio prozesuko azken pausoa izango da, eta 1998an adosturiko Noumeako Akordioak indarrean egoteari utziko dio. Saio erabakigarria izanik ere, Frantziatik ateratzearen aldekoek data atzeratzeko eskatu zioten Parisi, koronabirusaren pandemiak kanpaina egiteko modua baldintzatu diela argudiatuta.

Frantziako Gobernuak, baina, azken independentzia erreferenduma egiteko nahikoa berme daudela uste du, Goi Komisarioak azaldu moduan, «osasun egoera nabarmen hobetu» delako. Azken datuen arabera, Kaledonia Berrian 267 lagun hil dira, intzidentzia tasa 120 da, eta biztanleen %60k txertoaren bi dosiak hartuak dituzte; nahikoa arrazoi, Parisen iritziz, datorren hilabeteko datari eusteko.

Independentistak, ordea, ez dira iritzi berekoak, eta orain arte bi argudio nagusi eman dituzte beren jarrera azaltzeko: batetik, ez dagoela galdeketarako baldintzarik, beren kanpaina atez atekoa delako; eta, bestetik, COVID-19ak eragindako osasun krisiak egoera zaildu duela.

Izan ere, uste dute errespetatu beharra dagoela melanesiar kulturan heriotzari eta doluari egiten zaion lekua, eta horregatik ezin diete botoa eskatu doluan dauden herritarrei —Kaledonia Berriko hildakoen %60 kanakak dira—.

Iragan urriaren 20an jakinarazi zuen FLNKS Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanaka koalizio independentistak ez zuela bozketan eta kanpainan parte hartuko, baldin eta datari eusten bazitzaion; gerora, iragan asteartean, presioa handitze aldera, Frantziatik ateratzearen aldeko alderdi, mugimendu eta sindikatu guztiek jarrera bera helarazi zuten, elkarrekin egindako agerraldi batean.

Independentisten eskariak, baina, ez du baiezkorik jaso, eta, gaur ere, Faureren iragarpenaren ostean, Daniel Goa UCko presidente eta FLNKSko bozeramaileak berretsi egin du aurrera jarraituko dutela estrategia horretan. Frantziako Gobernuari, berriz, ohartarazi dio datorren hilabeteko erreferendumeko parte hartzeak eta emaitzak zalantzan jarriko dutela galdeketaren zilegitasuna: «Guretzat ez da ezer aldatzen. [Frantziako] Estatuak emaitzaren baliozkotasuna mantentzen badu, ez da era horretara pasatuko. 100 urteko kolonizazioari amaiera eman beharko zaio. Ez gara biolentziara deitzen ari, militanteei etxean gera daitezela baizik».

Hala, Goak oroitarazi du Sebastien Lecornu Frantziaren Itsasoz Haraindiko ministroaren alde bakarreko erabakia izan zela abenduaren 12ko data jartzea —loialistek ahalik eta azkarrena egin nahi zuten—, independentistek 2022 amaieran nahi baitzuten galdeketa hori.

Edouard Philippe lehen ministro zenak 2019ko urrian esandakoa ere ekarri du hizpidera: hirugarren erreferenduma ez zela egingo «2021eko irail erdialdearen eta 2022ko abuztuaren» artean; tartean, 2022ko apirilean, Frantziako presidentetzarako bozen bi itzuliak egingo dituztelako.

Poza loialisten artean

Beste aldean, poza agerikoa izan da Frantzian geratzearen aldekoen artean, Parisek erabakitako dataren aldekoak baitira, eta osasun egoera nahikoa hobetu dela uste baitute haiek ere bai.

Goi Komisarioaren iragarpenaz, indar loialista ia guztiak biltzen dituen Ezezkoaren Ahotsak taldearen kanpainako zuzendari Christopher Gygesek adierazi du «erabat poztu» direla Parisen erabakiarekin, eta, orain, kaledoniarrei «egiazko perspektibak» eskaintzen dizkien bozketan parte hartzeko garaia dela.

Hala, asteotako adierazpenak kontuan hartuta, deskolonizazio prozesuko azken erreferendumeko kanpaina eta bozketa bera independentistarik gabekoa izango da, eta ez dago batere argi zer gertatuko den horren ondoren ere, Frantziatik ateratzearen aldekoek datozen negoziazioetan ez parte hartzeko asmoa ere helarazi baitute.

Izan ere, Lecornuren planaren arabera, Kaledonia Berria trantsizio epe batean egongo da abenduaren 13tik 2023ko ekainera arte. Horretan, Frantziako Gobernuaren asmoa da alde guztiekin eztabaidatzea eta finkatzea zein izango den Ozeaniako uhartediaren estatus instituzionala, gerora beste erreferendum batera eramateko.

Deskolonizazio prozesuko lehen galdeketa 2018an egin zuten, eta bigarrena, iaz; bietan, Frantzian jarraitzearen aldeko jarrerak irabazi zuen, baina kontsulta batetik bestera txikitu egin zen baiezkoaren eta ezezkoaren arteko tartea. Iragan urteko urriaren 4koan, Kaledonia Berriko herritarren %46,74 independentziaren alde agertu ziren; duela hiru urtekoan, berriz, %43,33.

Azken erreferendumeko galdera aurreko bien berbera izango da: Nahi duzu Kaledonia Berriak burujabetza osoa eskuratzea eta independente bilakatzea?.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.