Pentsioak

Pentsiodunak karrikara atera dira Hego Euskal Herrian, legearen erreformaren kontra

Manifestazioak egin dituzte Espainiako Gobernua prestatzen ari den pentsioen erreforma geldiarazteko. Gasteizen, Iruñean, Eibarren eta  Donostian eguerdian egin dituzte mobilizazioak, Bilbon arratsaldean. 

Pentsiodunen mugimenduaren manifestazioa, gaur Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Inigo Astiz
2021eko azaroaren 13a
14:16
Entzun

Luze da pentsiodunen borroka honezkero, eta hitzordu inportantea izan dute gaurkoa: Hego Euskal Herriko pentsiodunen elkarteek kaleak hartu dituzte pentsioen legearen erreformaren kontrako mezuak ozen aldarrikatzeko. Mobilizazio jendetsuak izan dira oro har; Iruñekoan, esaterako, 700 bat lagunek egin dute bat martxarekin. Iruñean ez ezik, Gasteizen, Eibarren,Donostian eta Bilbon ere aditu dira pentsioen murrizketaren kontrako mezuak.

Bilbon jendetza batu da manifestazioan, Moyua plazatik udaletxerainoko ibilbidean, pankarta nagusiaren atzean: Murrizketarik ez, pentsio publikoak eta duinak bai. Gutxieneko pentsioa 1.080. Manifestazioa hasterako jadanik entzun zitezkeen manifestarien oihuak, eta bizia eta zaratatsua izan da azkenera arte. Bozgorailu eta pankarta propioak eraman dituzte deialdira mugimenduaren lekuan lekuko taldeek, eta hamaika aldarrikapen eta lelo oihukatu dituzte: «Publikoa dena ez dago salgai», «Hilabete amaierara ez heltzea terrorismoa da» eta «Pentsionistak aurrera», besteak beste.

Espainiako Gobernuak egin asmo duen pentsioei buruzko lege proposamena izan zen atzoko mobilizazioen jomuga nagusia, halere, eta erreforma bertan behera uzteko eskari zuzena egin dute manifestazio amaierako irakurketan. Pentsiodunen mugimenduko kideen ustez, murrizketak ekarriko ditu lege berriak, eta horregatik egin dute hura geldiarazteko deia. Espainiako Gobernuari, Madrilgo kongresuan ordezkaritza duten alderdi politikoei, eta Euskal Herriko erakundeei helarazi diete mezua. «Ken dezatela».

Bi helburu nagusi ditu erreformak, gaur salatutakoaren arabera: 2011ko eta 2012ko erreformek ezarritako «murrizketei eustea», batetik; eta «denbora gehiagoz lan egitea eta pentsio gutxiago kobratzea», bestetik. Pentsiodunen mugimenduaren hitzetan, «iraupeneko laguntza sistema bat» bilakatu nahi du Madrilek pentsio sistema publikoa, pentsio plan pribatuak sustatzeko.
Kotizazioak kalkulatzeko erabiliko den indizea moldatzeko asmoa ere azaldu du Espainiako Gobernuak, eta pentsioen kalterako izango da hori ere, manifestazioa deitu dutenen irakurketaren arabera. «Lege proiektuaren pentsioak goratzeko indizea iruzurra da, eta ez du bermatzen pentsioen erosteko ahalmena».

Pentsionisten kalkuluen arabera, indize berriarekin urteroko KPI indizearekin alderatuta, aurten eta hurrengo urtean, %3 eta %2,4 murriztuko ditu kotizazio peko pentsioak, eta gutxieneko pentsioak, hurrenez hurren. «Iraunkortasun faktorea ez da indargabetuko, eta, besterik gabe, izena aldatuko zaio, pentsioak murrizten jarraitzeko».

Duela lau urte hasi ziren mobilizatzen, eta orduko eskari berberei eusten dietela nabarmendu dute. «Ez dugu onartuko eskatzen ditugun premiazko aldarrikapenak jasotzen ez dituen erreformarik». Besteak beste, ondorengoak dira eskari horietako batzuk: 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzea, 1.200 euroko lanarteko gutxieneko soldata adostea, eta alargunei pentsio osoa jasotzeko aukera aitortzea.

Alor publikoaren defentsa egin beharrean, gehien dutenen alde aritzea ere aurpegiratu diete agintariei. «Murrizketak gure bizi-baldintzak okertzen ari dira, eta gobernuek politika fiskalak ezartzen dituzte, gehien dutenei mesede egiten dietenak». Eta zerbitzu publikoak murriztu bitartean, banku zerbitzuen prezioak igotzea ahalbidetzea ere aurpegiratu diete gobernuei, «gutxi batzuen onurarako».

Dimisio eskaria
Jendetsuak izan diraeguerdiko mobilizazioak ere. Iruñean, esaterako, 700 manifestari inguru bildu dira, eta Gasteizen, «Escriva, dimisioa!», izan da oihukatutako leloetako bat, Espainiako Gizarte Segurantza ministroari erreferentzia eginez. Oihartzuna izan du eskari horrek beste mobilizazioetan ere.

Orain arteko eskari zehatzei eusteko asmoa du pentsionisten mugimenduak etorkizunean ere. Mobilizazioekin jarraitzeko asmoa azaldu dute, eta abenduaren 1erako deitutako mobilizazioekin bat egitera deitu dituzte herritarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.