Koronabirusa

Txertatu ez direnen joan-etorriak mugatuko ditu Austriak

COVID-19aren aurkako txertoa hartu ez dutenak lanera, ikastera edo oinarrizko beharrak asetzera soilik atera ahalko dira kalera. Neurriak bihartik aurrera ezarriko dituzte.

Schallenberg kantzilerra, joan den asteartea. HERBERT NEUBAUER / EFE
2021eko azaroaren 14a
20:22
Entzun

Neurri murriztaileak berrezartzeko mehatxua bete egingo du Austriako Gobernuak: bihartik aurrera, COVID-19aren txertoa jasota ez duten austriarrek mugatuak izango dituzte euren joan-etorriak. Zehazki, lanera, ikastera edo elikagaiak eta botikak erostera soilik atera ahalko dira kalera.

Azken asteetan gora egin du kutsatuen kopuruak eta ospitaleetako presioak, eta horregatik hartu du neurri hori gobernuak. Hala azaldu du Alexander Schallenberg kantzilerrak: «Laugarren olatua bi arrazoigatik eragiten ari zaigu: delta aldaeragatik, eta txertaketa tasa txikiagatik». Izan ere, gaur hartutako neurriak Austriako ia bederatzi milioi biztanletik biri eragingo die; herritarren %65 dago txertatuta. Hori «lotsagarria» dela esan du Schallenbergek.

Neurriak, oraingoz, ez die eragingo 12 urtetik beherakoei eta emakume haurdunei, ezta institutuko ikasleei ere.

Gaurkoa ez da Austriak azken egunetan iragarritako neurri bakarra. Izan ere, txertatu gabeko pertsonek joan den azaroaren 8tik dute debekatua jatetxe eta tabernetan sartzea. Neurriak ugaritu egin du txertatu nahi dutenen kopurua, eta joera hori indartzea da asmoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.