Argentina

Peronistek galdu dute Senatuko gehiengoa, baina lehen indarra dira diputatu kopuruan

Galdeketek aurreikusitako porrota ez da horren handia izan agintean dagoen peronismoarentzat, eta garaipen gisa ospatu dute. Oposizioa 2023ko bozetara begira jarri da.

Alberto Fernandez presidentea,Victoria Tolosa Paz diputatugaia eta Diputatu Ganberako presidente Sergio Massa, Buenos Airesen, emaitzak ezagutu ostean.. JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE
Edu Lartzanguren.
2021eko azaroaren 15a
08:40
Entzun

Porrot egin bai, baina garaipentzat hartu dute peronistek Argentinan. Izan ere, galdeketek askoz kolpe latzagoa iragartzen zioten, eta iraileko hauteskunde primarioetan pairaturiko hondamendiak okerrenerako prestatu zuen peronismoa. Azkenean, ez da horrenbesterako izan, Buenos Airesen hiru puntu irabazi dituztelako boto zenbaketaren azken orduetan.

Senatuko gehiengoa galdu dute peronistek, eta horrek zailduko die eztabaidagaiak ezartzea. Orain, oposizioarekin adostu beharko du zer eztabaidatzen den Senatuan. Diputatuetan, ordea, lehenengo indarra izango dira aurrerantzean ere, eta horrek aukera emango dio Alberto Fernandezen gobernuari 2023ra arte agintean jarraitzeko, bidaia zaildu arren.

«Hasi da gobernu honen bigarren etapa», esan zuen atzo Daniel Santoro diputatugai peronistak Buenos Airesen.

Oposizioak garaipena lortu du herrialdeko 24 barrutietako 13tan (peronistek bederatzi baino ez dituzte lortu). Baina hiriburuko emaitzek leundu dute kolpea. Azkenean, peronistek diputatu bat galdu dute, eta 118rekin geratu dira. Oposizio kontserbadoreko Juntos Por El Cambiok 116 lortu ditu. Senatuan, berriz, sei ordezkari galdu dituzte, eta 35rekin geratu dira. Erabateko gehiengoa eskuratzeko, beste bi beharko lituzkete. Gehiengo hori eduki dute peronistek azken hiru hamarkadetan.

34 milioi pertsonak baino gehiagok zuten atzoko bozetan botoa emateko eskubidea.

«Hutsegiteak egin ditut, eta neure betebeharra da horietatik ikastea», esan du Fernandez gobernuburuak, telebistaren bidez zabalduriko hitzaldian.

Hiru urtez darama Argentinako ekonomiak krisian murgilduta. 38.000 milioi euroko zorra du Nazioarteko Diru Funtsarekin. Fernandezek adierazi zuenez, lege asmo bat bidaliko du Kongresura, erakunde harekin lorturiko akordioak lantzeko.

Oposizioa, beraz, 2023ko bozetara begira jarri da. «Trantsizio bat daukagu 2023rako, eta denon artean kudeatu behar dugu, planik eta norabiderik gabeko Gobernu baten aurrean gaudelako», esan du oposizioko buru Mauricio Macrik. Oposizioak beste aukera bat duela esan zuen, eta iraganeko hutsegiteak berriz ez egiteko eskatu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.