Saskibaloia
Spahijak ordezkatu du Ivanovic Baskonian
Gasteizko taldeak Montenegroko entrenatzailea kendu du kargutik, taldearen emaitza bolada eta irudi txarrarengatik: azken hamar partidetatik zortzi galdu ditu

Soka tenkatuz gero, beti hausten da mutur ahulenetik. Halaxe gertatu ohi da goi mailako kirolean ere: talde baten egoera muturrekoa denean, entrenatzaileak ordaindu ohi du, lanik gabe geratuta. Dusko Ivanovici horixe gertatu zaio. Krisi larrian dago Bitci Baskonia, ACB ligan eta Euroligan jokatutako azken hamar partidetatik zortzi galdu baititu. Hori ikusita, Gasteizko klubak kargutik kendu du entrenatzaile montenegroarra. Gaur hartu du erabakia, «taldearen emaitza bolada txarra eta ematen ari den itxura eskasa» argudiatuta.
Hura kargugabetu eta gutxira jakinarazi du nork ordezkatuko duen: Neven Spahija kroaziarrak, Baskoniako entrenatzaile izandakoak. Bihar goizeko hamarretan aurkeztuko dute, eta gauean egingo du estreinakoa, Buesa Arenan, Izar Gorriaren aurka, Euroligako hamagarren jardunaldian (20:30, Dazn). Spahijak 2007-2008ko sasoian entrenatu zuen Baskonia, eta, haren esanetara, taldeak bigarrenez irabazi zuen ACB liga, hirugarrenez Espainiako Superkopa, eta Euroligako eta Espainiako Kopako txapeldunorde izan zen. Geroztik, Europan (Valentzia, Fenerbahce, Cibona eta Maccabi) eta Txinan (Shanghai Sharks) entrenatu du, eta entrenatzaile laguntzaile izan da NBAn, Atlanta Hawksen eta Memphis Grizzliesen.
Baskoniaren arabera, taldeak ez du eman «espero zen maila, ezta klubak berezkoa duen izaera borrokalaria ere». Horregatik dio klubaren goi arduradunen egitekoa dela «lehenbailehen» erabakiak hartzea «norabidea zuzentzeko, berriro lehiakor izateko eta zaleengan berriz ilusioa pizteko»; izan ere, klubaren iritziz, zaleek jokalariekin «identifikatuta» sentitu behar dute.
Klubak «argi» du denboraldiaren ingurukoak ez direla errazak izan. «Batetik, jokalari berriak iritsi dira, eta taldearen erreferente bilakatu behar zuten; bestetik, jokalari garrantzitsu batzuek min hartu dute; eta, azkenik, taldeak denbora gutxi izan du egokitzeko, Olinpiar Jokoen, Afrikako Txapelketaren, Euroligaren eta ACB ligaren egutegi betea dela eta. Nolanahi ere, emaitzak ez dira izan espero bezalakoak, eta horren ondorioz hartu dugu erabaki zail hau».
Baskoniak «bihotzez» eskertu dio Ivanovici urte guztietan taldean egindako lana. «Harekin lortu dira kirol arrakasta gehienak. Haren lana erabakigarria izan zen taldeak duela urte eta erdi ACB liga irabaz zezan, baita haren eta klubaren artean maitasun harreman estua sor zedin ere. Hark lagundu egin du klub honen arrakastan». Horregatik, klubak dio «erabaki zaila» izan dela, baina «batasun handiagoa» lortu nahi dutela taldean, «jokalari guztien errendimendua hobea» izan dadin. «Funtsezkoa da Baskoniaren parte sentitzen garen guztiok, kluba, zaleak, teknikariak eta jokalariak batuta egon gaitezen eta onena eman dezagun ahaleginaren bidea berriro hartu eta Baskoniaren izaera berreskuratzeko».
Ikusi gehiago:
Arturs Kurucs, Bitci Baskoniako jokalaria: «Espero dugu zaleek gugan sinisten segitzea».
Steven Enoch, Baskoniako jokalaria: «Ivanovic ez da gogorra, exijentea baizik; gustuko dut».
Mikel Reinaren analisia: Denbora.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.