Pentsioak

Hamar urtez kotizazioak igoko dituzte pentsioen erreserba funtsa betetzeko

Belaunaldien arteko Ekitate Tresna hitzartu dute Espainiako Gobernuak eta CCOO eta UGT sindikatuek. Patronalek aurka egin dute, lan kostuak handitzen dituelako. 2032rako 50.000 milioi euro biltzea espero dute, eta horiekin ordaintzea 'baby boom'-aren belaunaldien pentsioak.

Jose Luis Escriva Espainiako Gizarte Segurantzako ministroa, gaur. JUANJO MARTIN / EFE
Iker Aranburu.
2021eko azaroaren 15a
15:07
Entzun

Pentsioen erreserba funtsa betetzeko formula bat adostu dute Espainiako Gobernuak eta CCOO eta UGT sindikatuek. Hurrengo hamar urteetan bederen, langileen soldaten bitartez ordaintzen diren gizarte kotizazioak 0,6 puntu igoko dituzte. Horretatik, 0,5 puntu enpresek ordainduko dute, eta beste 0,1, berriz, langileek beraiek. Akordioak ez du Espainiako bi patronal nagusien sinadura, CEOEk eta Cepymek uko egin baitiote enpresen ekarpena handituko duen erreforma babesteari. «Behiak ez du esne gehiago ematen», argudiatu du Lorenzo Amor CEOEko presidenteordeak. «Espainiak ez du lan kostuen arazo bat», erantzun dio Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroak.

Eurotan neurtuta, igoera ez da handia. Horrela, Hego Euskal Herrian batez besteko soldata duen batek gutxi gorabehera hamabi euro gehiago eman beharko dizkio Espainiako Gizarte Segurantzari: hamar euro enpresaren kontuetatik aterako dira —diru gehiago jarri beharko du—, eta bi euro, langileen patrikatik —gutxiago jasoko du hilero ordaintzen dioten soldatan—. ­

Gaur egun langileen soldata gordinaren %28,3koa da kontingentzia arrunterako kotizazioa: enpresak %23,6 jartzen du, eta langileak, %4,7. 2023ko urtarriletik, %28,9 izango da: %24,1 enpresak, eta %4,8 langileak. Horrez gain, langabezia sarirako eta formakuntzarako ekarpenak ere egiten dituzte enpresek eta langileek.

Neurri horren bidez espero dute hamar urtean 50.000 milioi gehiago bilduko dituela Gizarte Segurantzak. Dirua erreserba funtsean sartuko dute, eta horrekin ordaindu nahi dituzte baby boom-aren belaunaldien erretiroak sisteman eragingo dituen gastu gehigarrietako batzuk. Gaur egun 44 eta 64 urte artean dituztenak aurreko eta ondorengo belaunaldietakoak baino gehiago direnez, haien erretiroak asko handituko du gastua.

Belaunaldien Arteko Ekitate Tresna deitu dio hitzartutakoari Escriva ministroak. Tresna horrek ordezkatuko du pentsioen gastua kontrolatzeko PPren 2013ko erreformak sortutako sistema, Jasangarritasun Faktorea deitutakoa —ez da inoiz erabili—. Bien arteko desberdintasun nagusia da PPren sistemak pentsioak jaitsiko zituela baldin eta bizi itxaropena handituko bazen. Oraingo sistemak, ordea, ez ditu pentsioak ukitzen, baizik eta sistemaren diru sarrerak handitzen ditu. Horregatik jaso du CCOOren eta UGTren babesa. «Sindikatuen arrakasta ezin dudatuzkoa da», aldarrikatu du Unai Sordo CCOOko idazkari nagusiak, «tresna ez baita murrizketetan oinarritzen; Gizarte Segurantzaren diru sarrerak handitzen ditu».

Lehen zatia, urtarrilean

Pentsioen erreformaren bigarren zatia da atzo adostutakoa, baina agian ez da azkena izango. Izan ere, Espainiako Gobernuak datorren urtean negoziatu nahi du pentsioen zenbatekoa kalkulatzeko baliatzen den kotizazio epeari buruz. 2011n abiatutako erreformaren bitartez, orduz gero urtero urte bat handitu dira kalkulua egiteko kontuan hartzen diren urteak. Horrela, aurten lan bizitzaren azken 24 urteetan kotizatutakoa hartzen da kontuan; datorren urtean 25 izango dira, eta trantsizioa amaituko da. Escrivak aipatu izan du 25 urtetik 35era igotzea kopurua, baina aukera horren aurka mintzatu dira Unidas Podemos eta sindikatuak, uste baitute urte gehiago kontuan hartzeak pentsioa jaitsiko diela erretiratu guztiei.

Escrivak, berriz, argudiatu du gaur egun gero eta langile gehiagok hutsuneak dituztela lan bizitzan, eta erretiroa gertu dutela kalean geratzen direla milaka langile. Horiei —herritarren %30, ministroaren arabera—, mesede egingo lieke kotizazio epea zabaltzeak, batez ere, asmoa duten moduan, urterik txarrenak kentzeko aukera ematen badute.

Uztailean iritsi zen erreformaren lehen zatia, eta urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean. Haren ondorioz, pentsioak aurreko urteko batez besteko inflazioaren arabera igoko dira urtero, Gizarte Segurantzaren aurrekontuetatik aterako dira espresuki bereak ez diren zenbait gastu, eta gehiago txikituko dira erretiroa adin ofizialaren aurretik hartzen dutenen pentsioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.