Zergak

Hiru aldundiek modu harmonizatuan berrituko dute gainbalioen zerga

Lantalde bat eratuko dute Auzitegi Konstituzionalaren ebazpena nola bete aztertzeko. Eudelek txalotu egin du «bizkor» erantzun izana

Jaurlaritzako, aldundietako eta Eudeleko arduradunak. IREKIA
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko azaroaren 15a
19:38
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek modu harmonizatuan berrituko dute gainbalioaren zerga kalkulatu eta hura kobratzeko modua. Eudel udalen elkarteak pauso hori bizkor emateko eskatu zien joan den astean, eta astebete nahikoa izan dute Zerga Koordinaziorako Organoaren (ZKO) bilerara deitzeko. Auzitegi Konstituzionalak zerga kudeatzeko Espainiako Gobernuaren sistema indargabetu zuen, eta, Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren modua haren antzekoa denez, aldatu egingo dute. Horrekin batera, hiru aldundiek eta Jaurlaritzak erakunde arteko lantalde tekniko bat eratuko dute prozesuari jarraipena eman eta «udalen finantza nahikotasuna» bermatzeko.

Udalak presaka ziren, eta aldundiek bizkor erantzun dute. Azken bi asteetan egon diren etxebizitzen eta lur sailen salerosketa nola kudeatu ezin jakinda zebiltzan, eta erakundeetako goiko solairuko atea jo zuten argibide bila. Egoera ikusita, aldundiek Zerga Koordinaziorako Organoaren presazko bilerara deitu zuten atzorako, «segurtasun juridikoaren» izenean. Bakoitzak bere xedapenak bidali zituen, eta arauak bateratzeko konpromisoa bere egin zuten. Nafarroaren kasua antzekoa da, hark ere baduelako eskuduntza hori, eta aurki moldatzea espero da.

Gainbalioaren zergak, izan ere, udaletan du eragina. Etxejabeek udal lurraren erabilerari ateratzen dioten etekina zergapetzen du, eta azken asteetan eskuak lotuta zeuzkaten. Arau berriekin, udalek diru gutxiago bilduko dute, baina Gorka Urtaran Eudeleko presidenteak eskertu zuen aurrerantzean izango duten jokalekua argitu izana: «Pozik gaude aldundiek bizkor argitu dutelako zalantza. Udalek gainbalioaren zerga aplikatzen jarraitu ahal izango dute, segurtasun juridiko osoz, ahalik eta galera txikienarekin, eta zergapekoentzat bidezkoen den moduan».

Espainiak dagoeneko erreformatu du zerga kalkulatzeko modua, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzko arauei orain dagokie. Dena den, foru ogasunek dagoeneko egina zuten moldaketa handi bat, 2017an erabaki baitzuten zergarik ez kobratzea etxebizitza saltzean irabazirik ez zegoenean; alegia, erosi zenean baino prezio txikiagoan saldu bazuten.

Errealitatetik hurbilago

Orain, ZKOren ustez, «higiezinen merkatuaren errealitatera hurbilduko da» hiru lurraldeetako gainbalioaren araudia. Onartuko dute udalek lurzoruaren katastro balioak beherantz zuzentzeko aukera izatea, eguneratze mailaren arabera. Halaber, gehieneko koefiziente batzuk ezartzen dira, lursaila erosi zenetik igarotako urte kopuruaren arabera. Koefiziente horiek urtero berrikusiko dituzte.

Aldaketa garrantzitsua da, eta hura bideratzeko ZKOk lantalde tekniko bat eratuko du gainbalioaren zergaren berritze prozesua kudeatzeko. Hiru lurralde mailek izango dute ordezkaritza: Jaurlaritzak, aldundiek eta udalek. Zergaren erreforma harmonizaturako proposamen bat prestatzea izango dute helburu, ahalmen ekonomikoaren printzipioa beteko duena. Udal asko urduri daude araudi berriak aurrekontuetan eragina izango duelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.