INGURUMENA

EH Bilduk salatu du Ingurumen Administrazioaren Legea aldatzea gauzak «atzeko atetik» egitea dela

«Udalerrian herritarren parte hartzearen bidez eraikitakoa» baliogabetuko duela azaldu du taldeak, eta ohartarazi du zuzenketa horrek atea zabalduko diela Eusko Jaurlaritzaren intereseko proiektu handiei.

Pello Otxandiano eta Onintze Oleaga, gaur goizeko agerraldian. EH BILDU
jone arruabarrena
2021eko azaroaren 16a
14:04
Entzun

«Lurralde antolamenduaren Legearen aldaketa honela egitea gauzak atzeko atetik egitea da». EH Bilduk horrela egin dio kritika beste behin Eusko Jaurlaritzak Ingurumen Administrazioaren Legeari egin dion emendakinari. Pello Otxandiano EH Bilduko programa zuzendariak eta Onintze Oleaga EH Bilduko udalgintzako arduradunak agerraldia egin dute gaur, eta, azaldu dutenez, emendakin horrek lurralde ordenamenduko politiketan «erakunde sistemaren joko arauak aldatzea» dakar: «Batez ere, atea zabaltzen da leku jakin batzuetan zenbait proiektu inposatzeko». Izan ere, koalizioak hainbat aldiz zabaldu du Ingurumen Administrazioaren Legeari egindako aldaketa hori, berez, Lurralde antolamenduaren Legea aldatzeko mekanismo bat dela. Hau da, zuzenketa horren bitartez Jaurlaritzak eskumena izango luke proiektu bati oniritzia emateko, proiektu hori gauzatuko den herriko udala haren kontra badago ere.

Horrez gain, Oleagak eta Otxandianok salatu dute zuzenketa horrek «euskal gizartearen aniztasun politikoaren aurka» egiten duela: «Gobernuko alderdiek gehiengo absoluturik ez duten lekuetan azpiegiturak inposatzea da aldaketa honen helburua». Zuzenketaren bidez, EAJk eta PSEk sortzea proposatu duten Interes Publikoko Proiektuen figura berria ere gaitzetsi dute: «Proiektu horiek, behin interes goreneko gisa aitortuta, hirigintzako eta lurralde antolamenduko gainerako erregulazioen gainetik jarriko dira. Hau da, Eusko Jaurlaritzak aldebakarreko moduan egingo duen deklarazio batek ekarriko du erakunde eskudunek eta legitimoek hartutako erabakiak baliogabetzea».

Tokiko demokraziari ere kalte egingo diola salatu dute; izan ere, koalizioaren arabera, «udalerrian herritarren parte hartzearen bidez eraikitakoa» baliogabetuko du. Horren aurka, «gobernantza kolaboratiboa» aldarrikatu dute, eta ohartarazi dute klima erronka «erronka demokratikoa» ere badela.

Arantxa Tapiak, berriz, beste ertz batetik heldu zion demokraziaren gaiari iragan astean egin zuen agerraldian. Tapiaren arabera, emendakin hori aplikatzea «interes orokorra defendatzea» da, euskal gizarte osoari onura ekarriko dioten proiektuak «interes lokal partikularrek» oztopatzea eragotziko duelako. Azaldu zuenez, «interes orokorrekoak» ziren hainbat proiektu ezarri nahi izan dira hainbat herritan, eta herri horietako «interes partikularrek» proiektu horiek oztopatu izan dituzte. Ohartarazi du, gainera, horrek horrela jarraituz gero «arrisku egoerak» etor daitezkeela: «Esaterako, udal batek ez badu nahi hondakinen kudeaketarako lantegi bat bere herrian jartzerik, kolapso bat gertatu daiteke, ez dugulako izango hondakin horiek kudeatzeko baliabiderik» .

Gainera, azpimarratu du sortu nahi duten mekanismo hori jada martxan dagoela beste hamaika erkidegotan; esaterako, Kantabrian eta Errioxan.

COP26ri kritika

Atzo Tapiak Glasgowko goi bilera historikotzat jo zuen arren, EH Bilduk argi utzi du ez dagoela «mezu baikor eta triunfalistarik» bidaltzerik, eta, gainera, beste herrialdeetako erakundeek ez dutela halakorik egin: «Glasgowko gailurra historikotzat jotzetik urrun dago». Azpimarratu dute Glasgowko goi bilerak «argi baino itzal gehiago» utzi dituela, eta «konpromiso errealak» eskatu dituzte, «ez soilik adierazpenak». Bide beretik, salatu dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dagoela «inolako ibilbide orririk» klimaren helburuak eskatutako epean lortzeko: «Indarrean dauden plan klimatikoak eta energetikoak Parisko Hitzarmena baino lehenagokoak dira». Gainera, adierazi dute Urkulluren agintaldian «ia 0» murriztu direla berotegi gasak, eta energia berriztagarrien garapena «erabat eskasa» dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.