Hezkuntza

Madrilek berretsi du ikasturtea errepikatzea ez dela izanen gainditu gabeko ikasgaien araberakoa

Espainiako Gobernuak dekretu berria onartu du. Han jasotakoaren arabera, ikasturtea errepikatzea «oso salbuespenezko neurria» izanen da Hego Euskal Herrian. Irakasleena izanen da erabakia hartzeko ardura.

Zenbait ikasle azterketa bat egiten, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko azaroaren 16a
16:12
Entzun

LOMLOE Hezkuntza Legea Hobetzeko Lege Organikoak jadanik jasoa zuen asmoa, eta, orain, dekretua onartuta, esperotakoa da neurriak are garatuago egitea aitzinera. Ikasle batek ikasturte bat errepikatzea «salbuespenezko neurri» izanen zela biltzen du LOMLOEk, Lehen Hezkuntzan, Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan zein Lanbide Heziketan. Espainiako Ministroen Kontseiluak errege dekretu berri bati eman dio gaur onespena, eta xehetasun gehiago jaso dituzte hala: ondoko ikasturtera igarotzea edo berbera errepikatu beharra ez da ikasleak gainditu gabe utzitako ikasgai kopuruari lotua izanen. Kontrara, erabakia irakasleen esku egonen da osoki; haiek zehaztuko dute errepikatu beharra den edo ez. Dekretua 2021-2022ko ikasturtean sartuko da indarrean.

Espainiako Gobernuko Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ministro Pilar Alegriak nabarmendu du ebaluazio jarraituan jarri beharko dela arreta. Gainera, argitu du neurri berriarekin «motibazioa» indartu nahi dutela, «zigorra alde batera utzita». Alegriaren esanetan, aldaketa lagungarri izanen da ikasleek ikasketa prozesua hobea izan dezaten. Halaber, erabakia irakasleen esku uzteak balioko du «profesional horienganako konfiantza erakusteko». Nabarmendu duenez, haiek baitira ikasleak eta bakoitzaren premiak hobekien ezagutzen dituztenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.