Koronabirusa

Pfizerrek COVID-19aren aurka garatu duen botikaren generikoak egiteko atea ireki dute

Unitaid erakundeak jakinarazi du akordioa itundu dutela botika konpainiarekin, eta horren bidez errazagoa izango dela sendagaia eskuratzea baliabide urriak dituzten herrialdeentzat ere.

arantxa iraola
2021eko azaroaren 16a
16:48
Entzun

Hilaren hasieran jakinarazi zuen Pfizer botika konpainiak COVID-19aren aurka egiteko botika bat garatu duela. Pilula batzuk dira, eta nabarmendu zuen zehazki %89 murrizten dutela COVID-19arengatik ospitaleratua izateko edo hiltzeko arriskua. Gaur OME Osasunaren Mundu Erakundearekin batera diharduen Unitaid erakundeak adierazi du akordioa itundu duela botika konpainiarekin, eta botikaren generikoak ekoitzi ahal izango direla horren bidez; adierazi dute era horretan botika eskuratzen errazagoa izango dela baliabide urriak dituztenentzat ere.

«Generikoak egiten dituzten ekoizle kualifikatuei lizentziak emanez, botika antibiralaren ekoizpena eta banaketa erraztuko dira», adierazi du Unitaideko eledun Herve Verhooselek gaur prentsaren aurreko agerraldi batean. Era horretan, botikaren hedatze «globala» ahalbidetuko dela nabarmendu du. Aditzera eman duenez, OME Osasunaren Mundu Erakundeak COVID-19ak eragindakoa larrialdi egoera dela ebatzia duen bitartean egongo da indarrean akordioa; Pfizer etxeak, berriz, uko egingo dio botika horren patenteengatik dagozkion irabaziak kobratzeari. Horrek egiten ditu merkeagoak botika generikoak.

Itun horren bidez sendagaia 95 herrialdetan zabaldu ahal izatea da asmoa. Nabarmendu dute, ondo funtzionatze aldera, ritonavir botikarekin batera hartu behar dela.

Oraindik ezin da merkaturatu Pfizerren, botika toki baimena eskuratu zain baitaude. Pfizerrena ez da COVID-19aren aurkako lehen botika. Urriaren amaieran, Sendagaien Europako Agentzia EMAk iragarri zuen Merck botika etxearen molnupirabir ahozko antibirala berrikusteko prozesuan zegoela, eta azaroaren hasieran oniritzia eman zion botika hori «larrialdi egoeretan» erabiltzeari. Sendagai horren generikoak egin ahal izateko akordioa ere itundu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.