AEB eta Txina

Lehiaren mugak zehazteko

Bidenek eta Xik bilkura telematiko batean aztertu dituzte AEBen eta Txinaren arteko harremanak gaiztotu dituzten hainbat gai. Taiwani buruz, «probokazioak» eteteko eskatu dio Pekinek Etxe Zuriari.

Joe Biden AEBetako presidentea, Etxe Zuriko bere bulegoan, Xi Jinping Txinako presidentearekin hizketan. SARAH SILBIGER, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko azaroaren 16a
20:39
Entzun

Bi ontzi erraldoi itsaso berean nabigatzen bezala irudikatzen ditu AEB eta Txina azken herrialde horretako presidente Xi Jinpingek, eta, elkarren ondoan aurrera egiteko, lema «egonkor» erabiltzeari garrantzia aitortu dio, bi ontziek elkar jo ez dezaten. Ideia hori nabarmendu dute munduko bi ekonomia handienetako gobernuburuek gaur goizaldean elkarrekin egin duten bilera birtualaren ostean. Joe Biden AEBetako presidentearen esanetan, «lehia zintzoa» bermatu behar dute bi potentziek. «Txinaren eta AEBen erantzukizuna da ziurtatzea gure herrialdeen arteko lehia ez dela gatazka bihurtuko nahita edo nahigabe». Lehia horri «mugak» jartzearen alde agertu da.

Tentsioa baretzeko elkarrizketa saioa izan da Biden eta Xiren artekoa, azken hilabeteetan nabarmen mikaztu baitira Pekinen eta Washingtonen arteko harremanak. Bereziki, Donald Trump Etxe Zuriko aurreko maizterraren agintaldian. Hori dela eta, agenda zabala zuten agintariek aztertzeko. Klima larrialdia, energiaren mundu mailako merkatua, COVID-19aren pandemia, merkataritza lehia, Ipar Korea, Afganistan eta Iran izan dituzte hizpide, besteak beste. Taiwan ere bai. Txinak eta AEBek uhartearekiko duten politikek giroa nabarmen gaiztotu dute azken hilabeteotan Taiwango itsasartean.

Xiren hitzetan, Taiwango independentistak eta horiei babesa ematen dietenak «suarekin jolasean» ari dira. «Txina pazientzia handikoa da, eta bateratze baketsua bilatuko du, baina Taiwango sezesionistek probokatzen badute edo marra gorria zeharkatzen badute, ekintza irmoak hartu beharko ditugu».

Bidenek berretsi du AEBek «Txina bakarraren politika» onartzen dutela —hau da, Pekini aitortzen diola Taiwanen gaineko agintea—, baina Washingtonek «aurka egingo die statu quo-a aldebakarreko ekintzekin aldatzeko edo Taiwango itsasartean bakea eta egonkortasuna ahultzeko saiakerei».

Taiwanek bere burua gobernatu du 1949az geroztik, era independentean, eta bertako gobernuak estatu subiranotzat du irla, baina Txinarentzat bere lurraldeko probintzia bat da. Hori dela eta, AEBei Txinaren «barne auzietan esku hartzea» leporatu izan dio, Etxe Zuriak Taiwanekin dituen harremanengatik.

Washingtonek irlari armak saltzen jarraitzen du, eta bere armada Taiwangoarekin ariketa militarrak egiten aritu dela jakin zen urrian. Horrez gain, areagotu egin ditu harreman diplomatikoak Taipeirekin, eta ahaleginak egin ditu Taiwanek nazioarteko eremuan parte hartze handiagoa izan dezan. Uhartearekiko jarrera horrek eskualdearen egonkortasuna «arriskuan» jartzen duela salatu du Txinak.

Bidenek giza eskubideen defentsarekin loturiko beste auzi batzuk ekarri ditu hizpidera. Kezka agertu zuen Pekinek Tibeten, Xinjiangen eta Hong Kongen gutxiengo etnikoei eta oposizioko sektore politikoei ezarri dizkien hainbat neurriren inguruan. Txinak, baina, «barne arazotzat» ditu horiek.

Arlo ekonomikoan, Etxe Zuriak merkataritza lehia «bidegabea» egotzi dio Pekini, eta harekin AEBetako langileei kalte egiten dela nabarmendu du. Txinak eta AEBek hitzartu zuten merkataritza ituna oso-osorik betetzearen garrantzia nabarmendu du Bidenek. Washingtonen esanetan, Pekin 170.000 milioi euroko gastua atzeratzen ari da AEBetan.

Pentagonoaren txosten baten arabera, Txina bere armategi nuklearra handitzen ari dela jakin zen hilaren hasieran, eta horrek ere arduratu egin du Bidenen gobernuan. Informazio horien arabera, Txinak 1.000 misil nuklear baino gehiago garatu ahal izango ditu 2030. urtea baino lehen.

Politika «arrazionala»

AEBek hainbat zigor ekonomiko ezarri zizkioten Txinari, Trumpen agintaldian, Tibeten, Xinjiangen eta Hong Kongen giza eskubideak urratu dituela argudiatuta. Horrez gain, merkataritza gerra bat hasi zuen presidente ohiak, presioa handitu zien Txinako enpresa teknologiko handiei eta koronabirusa munduan hedatu izanaren ardura leporatu zion Pekini.

Trumpen ostean, Etxe Zurian Txinarekiko politika aldaketa bat eragiteko eskatu dio Xik Bideni. Politika esparru «arrazionalera eta praktikora» eramatea espero duela adierazi dio, Xinhua Txinako albiste agentziaren arabera. «Esparru ideologikoan» edota «taldekako enfrentamenduan» tematzeak nahitaez mundua «hondamendira» eramango du, Xiren iritziz. Txinako presidentearen esanetan, bi herrialdeek barne arazoak kudeatu behar dituzte eta nazioartean dituzten betebeharrei erantzun.

Bidenek eta Xik telefonoz hitz egin dute bi aldiz aurten, baina bien arteko lehen bilera izan da gaur goizaldekoa. Bideokonferentzia bidez egin behar izan dute, Xik ez baitu Txinatik kanpora bidaiarik egin iazko urtarriletik, koronabirusaren pandemiaren eraginez. Bien arteko lehen bilkura adierazpen bateratu bat gabe amaitu da, Trumpen eta Xiren arteko azken bilkura —2019an— amaitu zen bezala, baina bi aldeek azaldu dute elkarrizketa zintzoa, oparoa eta esanguratsua izan dela, eta kontaktuekin jarraitzea adostu dute, maila baxuagoko ordezkarien bitartez.

Harremanetan segiko dutenaren iragarpenak eta bi agintariek bileran erabili duten hizkerak aditzera eman dute Txinaren eta AEBen artean tentsioa apaldu egin daitekeela hurrengo hilabeteetan, edo, gutxienez, orain arteko gorakada geldiarazteko agertokia sor dezaketela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.