HIZKUNTZA ESKUBIDEAK

«Euskarazko arreta bermatzeko neurriak» jartzeko eskatu dio Arartekoak Zangozako mankomunitateari

Administrazioan Euskaraz taldeak jarri zuen kexa, mankomunitate horretako lantaldean postu bakar bat ere ez baita elebiduna

2014ko Nafarroa Oinez festaren hasiera ekitaldia, Zangozan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ion Orzaiz.
2021eko azaroaren 17a
10:52
Entzun

Iragan urriaren 29an argitaratutako txostenean, Nafarroako Arartekoak Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateari eskatu zion «herritarrek euskaraz arreta jasotzeko eskubidea bermatzeko neurriak har ditzala». Administrazioan Euskaraz taldeak jarri zuen kexa, erakunde horretan «ez zelako neurririk hartzen euskarazko arreta bermatzeko». Zehazki, Administrazioan Euskaraz-ek azaldu du hogei lanpostu daudela Zangozako mankomunitateko lantaldean, «eta bakar bat ere ez da elebiduna eta bakar batean ere ez da kontuan hartzen euskaraz jakitearen merezimendua».

Arartekoak mankomunitateari gogorarazi dio 1986ko Euskararen Legeak xedetzat duela «herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea eta hori betetzeko tresnak zehaztea», eta «euskararen erabilera sustatzeko neurriak adieraztea»; era berean, eremu mistoko udalerriei dagokienez, legeak ezartzen du «herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea» dutela Nafarroako administrazio publikoei zuzentzean. Hortaz, eskubide hori bermatze aldera, Arartekoak gogorarazi du administrazioen betebeharra dela «urteroko lanpostuen eskaintza publikoan zehaztea zein lanposturako izanen den nahitaezkoa euskaraz jakitea», eta «gainerako lanpostuetara iristeko deialdietan euskara jakitea merezimendu moduan baloratzea».

Zangozako Eskualdeko Mankomunitateri bi hilabeteko epea eman dio Arartekoak, gomendioa onartzen duen edo ez esateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.