Koronabirusa

Neurri berriak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalentzat

EAEko aldizkari ofizialak argitaratu du 100.000 biztanleko intzidentzia tasa metatua 150 kasutik gora duten udalerriei zuzendutako jarraibideak jasotzen dituen agindua.

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua, atzo. ENDIKA PORTILLO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2021eko azaroaren 17a
11:56
Entzun

100.000 biztanleko intzidentzia tasa metatua 150 kasutik gora duten udalerrientzako neurri berriak argitaratu ditu gaur EAEko aldizkari ofizialak, eta, beraz, gaur bertan sartu dira indarrean. «Ekitaldi jendetsuak saihestera» edo horiek «modu seguruan» egitera bideratuta daude neurriok, aginduak jasotzen duenez. Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak sinatu du agindua, urriaren 6an osasun larrialdia indargabetu zenetik haren esku baitago pandemiari lotutako neurrien kudeaketa.

Azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 150 kasutik gora duten udalerrien zerrenda astean bitan argitaratuko du Osasun Sailak, www.euskadi.eus webgunean. Udalek herritarrei jakinarazi beharko diete udalerriaren egoera zein den, eta baita transmisio handiko egoerak irauten duen bitartean hartuko diren neurrien berri eman ere.

Neurri hauek jaso ditu Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren aginduak:

Jarduerak bertan behera uztea
Udal agintariek 2021eko urriaren 6ko aginduan aurreikusitako prebentzio neurriak betetzen direla bermatu ezin duten jarduera guztiak bertan behera utzi edo aldi baterako atzeratzea, jarduera horien eremua edozein dela ere. Janaria edo edaria edatearekin lotuta dauden jardueretan bereziki zaila da prebentzio neurriak betetzea, maskararen erabilera batez ere.

Neurriak indartzea
Prebentzio neurriak beteta antolatzen diren ekitaldietan, bai barruko espazioetan, bai aire zabalean, neurriak indartzea komeni da. Neurri hauek jaso ditu aginduak: jendearentzako espazioa handitzea kontzentrazioak espero diren tokietan; bideak irekitzea, jendearen zirkulazioa arintzeko; elikagaiak eta edariak saltzeko eta kontsumitzeko guneak mugatzea; eta, ahal denean, jarduerak kanpoaldean antolatzea. «Aire zabaleko jarduerak dira seguruenak, eta COVID-19a hartzeko edo transmititzeko arriskua handiagoa da espazio itxietan eta jende askorekin», dio aginduak.

Beste jarraibide batzuk
Aipatutako neurriez gain, 150 kasuko intzidentzia baino handiagoa duten udalerrietako herritarrentzako jarraibide batzuk ere jaso dira eranskin batean. Hauek dira:

→ Txertaketa. Txertoa da babes neurririk hoberena, Osasun Sailak dioenez. «Egiaztatu ahal izan da txertatutako pertsonek sintoma arinagoak dituztela eta ospitaleratzeko eta hiltzeko arriskua murrizten duela. Pertsona guztiek dute txertaketa pauta osoa hartzeko eskubidea».

Maskara. Nahitaezkoa da maskara erabiltzea espazio itxietan, eta aire zabalean 1,5 metroko distantzia gorde ezin denean. Ostalaritza establezimenduetan eta jatetxeetan derrigorrezkoa da maskara janztea, edateko eta jateko unean izan ezik.

Higienea. Eskuak maiz garbitzea aholkatzen da.

Aireztapena. Leku itxiak aireztatzea garrantzitsua da.

Aire zabala. Ahal dela jarduerak kanpoaldean egitea gomendatzen da. Kanpoaldean egin ezin badira, horiek atzeratzea aholkatzen da, edo, bestela, ongi aireztatutako tokietan eta maskara egoki erabilita egitea.

Bestelakoak. Jende pilaketak saihestea; koronabirusarekin lotutako sintomak izanez gero, nork bere burua bakartzea eta Osakidetzari jakinaraztea, eta, txertaketa pauta osoa izanda ere, prebentzio neurriei eustea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.