Koronabirusa

Europan igo da gehien COVID-19ak hildakoen kopurua

OMEren azken datuen arabera, azken astean %5 igo dira heriotzak kontinente zaharrean. Belgikan telelana ezarri dute, eta gauza bera egitea aztertzen ari dira Frantzian.

Gazte bat txertatzen, Kuala Lumpuren. AHMAD YUSNI, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko azaroaren 17a
13:17
Entzun

Kutsatzeak gora doaz, eta haiekin batera heriotzak. OME Osasunaren Mundu Erakundeak gaur bertan argitaratutako azken txostenaren arabera, azken astean %5 egin dute gora Europan COVID-19ak hildakoak. Gorakadarik handiena jasan duen kontinente bakarra da: Amerikan %3 egin dute behera; Asia mendebaldean, %5; eta Mediterraneo mendebaldean, %14. Hildakoen kopurua handitu egin da Asia hegoaldean eta ekialdean ere (%1), eta Afrikan (%3). Munduko datuei dagokienez, berriz, kopuruak egonkor mantentzen dira: azken astean, 50.000 hildakoren berri eman dute erakundeko kide diren herrialdeek.

Kutsatzeek, bestalde, %6 egin dute gora mundu osoan. Kontinenteka, Amerikan eta Europan izan da igoerarik handiena, %8koa. Europan, 100.000 biztanleko 230 kasu atzeman dituzte, batez beste; beraz, kontinente zaharra da oraintxe okerren dagoena. Afrikan, %33 kasu gutxiago jakinarazi dituzte. Mundu osoan, 253 milioi kasu atzeman dituzte dagoeneko, birusa lehen aldiz agertu eta 23 hilabetera. Herrialdeka, berriz, AEBak, Errusia, Alemania, Erresuma Batua eta Turkia dira, hurrenez hurren, kasu gehien jakinarazi dituztenak.

Europako herrialdeen artean, batek baino gehiago azken asteetan markak hautsi dituzte. Errusian, 1.247 hildakoren berri eman dute, orain arteko kopururik handiena; kutsatzeek, berriz, apur bat behera egin dute, azken orduetan beste 36.626 kasuren berri jakinarazi dute. Moskuk etxeratze agindua ezarri die martxora arte, hain zuzen, 60 urtetik gora dituzten eta txertorik hartu ez duten herritarrei.

Txertatuta ez dauden herritarrak berrogeialdian jartzea erabaki du Austriako gobernuak ere. Itxialdia astelehenean sartu zen indarrean herrialde osoan —bi milioi inguru lagun dira berrogeialdian jarri dituztenak—, baina, hala ere, orain arteko kasu gehien jakinarazi ditu gaur gobernuak: 14.416, azken zazpi egunetan baino 2.000 kasu gehiago, batez beste. Erietxeetan ere gero eta gehiago dira koronabirusak jotako gaixoak: 2.723 pertsona daude ospitaleratuta, horietatik 486 larri. Zenbait hiritan, gainera, ez dago tokirik zaintza berezietan gaixo gehiago hartzeko, eta, ondorioz, batzorde bereziak osatu dituzte lehentasunak erabakitzeko. Hori da Salzburgon kasua.Austriakoa da Europan txertatzen maila baxuenetako bat duen herrialdea: herritarren %65ek jaso dituzte bi dosiak.

Alemanian ere, orain arteko kasu gehien jakinarazi dituzte, beste behin: 52.826. 100.000 biztanleko 319,5 kasuren berri eman dute azken zazpi egunetan, eta zaintza berezietako oheen %14,7 daude beteta. Horiek hala, Angela Merkel jarduneko kantzilerrak adierazi du arreta jarri behar dela erietxeratzeetan, neurri murriztaileak beranduegi ez hartzeko. «Zehatu beharko genuke zein den gehienezko erietxeratze kopurua neurri berriak noiz indarrean sartu jakiteko», azaldu du.

Telelana berriz indarrean

Birusa gehiago zabaltzea saiheste aldera, telelanari lehentasuna emateko neurriak hartzen hasiak dira herrialdeak. Belgikan, esaterako, astean hiru egunetan etxetik lan egitera derrigortu nahi dituzte langileak, eta osasun arloan aritzen direnentzat txertatzea derrigorrezkoa izatea. Bilera datorren ostiralean egitekoa zuen gobernuak, baina aurreratu egin behar izan dute egoerak bultzatuta, eta gaur egingo dute.

Dena den, Belgikako lehen ministro Alexander De Crook berretsi du txertoa hartzearen aldekoa den arren ez duela uste inor horretara behartu behar denik: «Aukerakoa da txertaketa, aukerarik onena da, baina norberak hartu beharreko erabakia da, hala ere. Uste dut beti dela hobea jendea datuekin konbentzitzea, derrigortzea baino». Horri lotuta, gogorarazi du pertsona txertatu batek gaixotzeko zazpi aldiz arrisku txikiagoa duela, eta erietxera joateko 11 aldiz aukera txikiagoa.

Belgikan herritarren %75 inguruk hartu dute txertoa, baina, eskualdez eskualde, aldeak nabarmenak dira: Flandrian herritarren %80 txertatuta daude, baina Bruselan %56k soilik hartu dituzte bi dosiak. Baina kutsatzeak ugaritu ahala, derrigorrezko txertaketaren auzia politikako lehen lerrora heldu da. Horren aldeko jarrera agertu du, esaterako, Osasun ministro Frank Vandenbroucke sozialista flandriarrak.

Frantziako Gobernuak ere ez du baztertzen telelanari lehentasuna ematea. Hala aurreratu du gaur Osasun ministro Olivier Veranek. Neurri horrek zuzenean eragingo lioke Ipar Euskal Herriari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.