Koronabirusa

Tolosako Udalak bertan behera utzi du asteburuan egitekoa zen babarrun azoka

Intzidentzia handia duten herrietarako Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurri berrien ondorioz, hainbat udal hasiak dira bertan behera uzten antolatutako azokak, jaiak eta bestelakoak.

Tolosako babarrun azoka, artxiboko irudian. JON URBE/ FOKU
Edurne Begiristain.
2021eko azaroaren 17a
13:43
Entzun

Eusko Jaurlaritzak COVID-19aren aurka hartutako neurri berriak gaur sartu dira indarrean, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat herritako udalak hasi dira programatutako azoka, jai eta bestelako jarduerak bertan behera uzten edo atzeratzen. Horietako bat izan da Tolosako Udala (Gipuzkoa). Asteburu honetan egitekoa zen babarrun festa bertan behera uztea erabaki du udalak, «zuhurtziagatik eta arduragatik». Hori horrela, ez dira egingo Tolosako babarrunaren ekoizleen 29. lehiaketa, ez eta Tolosako babarrunaren lehiaketa gastronomikoa ere. Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, larunbateko azoka eta antolatutako kultur jarduerak bakarrik baimenduko dituzte.

Olatz Peon alkateak adierazi du Tolosan, «lehen eta orain», dagozkien prebentzio neurriak hartuta antolatu direla jarduerak, guztiak modu seguruan egin daitezen ziurtatzeko protokoloak beteta. «Tolosarren osasuna bermatzea da lehentasun bakarra, bizitza baitago jokoan». Tolosa eremu gorrian dago, 100.000 biztanleko 530eko intzidentzia tasarekin. «Ez gaude ondo, eta neurriak hartu eta neurriak bete egin behar ditugu, atzera ez egiteko», azpimarratu du alkateak.

Tolosan ez ezik, Murgian ere (Araba) erabaki dute jaiak ez ospatzea. Irailean egitekoak ziren herriko jaiak, baina azarora atzeratu zituzten, eta asteburu honetan ziren ospatzekoak. Zuiako udalerriaren intzidentzia tasa 127 kasukoa zen astelehenean, Jaurlaritzak ezarritako langaren azpitik, baina, hala ere, Murgiako Udalak erabaki du jaiak ez ospatzea.

Airean dira, besteak beste, Eibarko eta Zumarragako festak, eta baita zenbait herritan ospatzekoak diren San Tomas jaiak ere. Hain zuzen ere, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok esan du oraindik ez dela San Tomasi edo Gabonetako ospakizunei buruzko erabakia hartzeko momentua, herritarrek «arduraz» jokatzekoa baizik.

Agintarien deia

Iñigo Urkullu lehendakariak pandemiari buruz hitz egin du gaur goizean, Bilbon, eta «prebentzio eta autobabeserako» deia egin die herritarrei. Gogoratu du pandemia ez dela amaitu, eta arauak «zorrotz» betetzeko eskatu du. Labi desagertuta, Osasun Sailaren esku dago pandemiaren kudeaketa, eta hartutako azken erabakien haritik argitu du Gotzone Sagarduiren saila udalekin harreman zuzenean dagoela. COVID ziurtagiriari dagokionez, Urkulluk adierazi du espero duela Jaurlaritzak justiziaren babesa eskuratzea eta neurri hori abian jartzeko modua izatea.

Bestalde, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak dei egin die asteburu honetan manifestazio, kongresu edo kontzertu bat antolatzeko asmoa dutenei COVID-19aren aurkako neurriak bete eta indarrean diren arauak betearazi ditzaten. Larunbaterako, EH Bilduk eta PSE-EEk ekitaldi bana dute antolatua Bilbon: manifestazioa egingo du koalizio subiranistak, eta kongresua sozialistek. «Manifestazio batera deitzen dutenen erantzukizuna da parte hartzaileek pertsonen arteko distantzia gordetzea eta maskara une oro erabiltzea. Eta ez bakarrik manifestazioa egiten denean, baita beste udalerri batzuetako pertsonak Bilbora etortzen direnean ere. Gauza bera kongresu batean edo kontzertu batean», esan du Zupiriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.