Lan baldintzak

Sektore feminizatuentzat 1.400 euroren gutxieneko soldata eskatu du LABek

Lanbide arteko akordioak egitea eskaini die Confebaski eta CENi. Patronalak zor patriarkala dauka emakume langileekin», aldarrikatu du.

LABeko kideen protesta, Confebasken egoitzaren aurrean, Bilbon. LAB
Iker Aranburu.
2021eko azaroaren 17a
17:00
Entzun

Emakumeak nagusi diren sektoreetan soldatak txikiagoak izatea da gaur egungo soldata arrakalaren arrazoi nagusietako bat. Hori zuzentze aldera, sektore feminizatuetan 1.400 euroren gutxieneko soldata bat ezartzeko eskatu du LABek. Hori egiteko modu bat proposatu die Confebask eta CEN patronalei: lanbide arteko akordio baten bidez gutxieneko soldata hori finkatzea.

Hego Euskal Herriko bi patronal nagusietako Bilboko eta Iruñeko egoitzen aurrean bildu dira gaur goizean garbitzaileak, merkataritzako langileak, zaintzaileak eta jangeletako beharginak, LABek deituta. « Guztiak pandemian zehar ezinbestekoak izan diren langileak dira, baina 1.400 eurotik beherako soldatak dituztenak», gogorarazi zuen sindikatu abertzaleak.

Bilbon, Confebasken egoitzaren aurrean, Maddalen Dorador LABeko zerbitzu pribatuen federazioko idazkariak nabarmendu du aberastasunaren banaketa dela gakoa: «Sortzen den aberastasuna modu justu batean banatzea eskatzen dugu. Dirua egon badago». Adibide bat jarri zuen banaketa hori okerra dela adierazteko: Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak hilero zahar egoitzetako 660 langilek beste irabazten du, eta 799 garbitzailek adina. Zehazki, Sanchez Galanek 12,201 milioi euro patrikaratu zituen 2020. urtean —6,2 milioiren soldata eta beste sei milioi akzioetan—.

«Bi aldiz aberastu da»

Iberdrolako buruaren soldata baino apalagoa eskatu du LABek sektore feminizatuetan: 1.400 euro hilero, edo urtean 19.600 euroren soldata garbia, hamalau ordainketa eginez gero. Ez da ausaz hautatutako kopurua, baizik eta Euskal Herriko batez besteko soldataren %60. «Zer gutxiago, hori bermatzea baino. Gure lanak aitortu eta duintzea eskatzen dugu. Patronalak zor bat dauka emakume langileokin, zor patriarkala. Bi aldiz aberastu da gure lanarekin, gure enplegu prekarioari esker, eta etxean musu truk egiten ditugun zaintza lanen kontura», azaldu du Doradorrek.

Beste aldarrikapen batzuk ere aurkeztu dizkie LABek Confebaski eta CENi: gehieneko lanaldia arautzea, soldata arrakala gainditzea eta lanaldi partziala mugatzea.

Bere aldarrikapena esparru politiko-instituzionalera ere eraman nahi du LABek. Horrela, Iñigo Urkullu eta Maria Txibite lehendakariei eskatu die esku hartzeko sektore feminizatuetan soldata arrakalaren gaian patronalei presio egin diezaieten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.