Kurdistan

Omar Suleiman musikaria atxilotu du Turkiak, «terrorismoa» egotzita

PKK alderdiarekin lotura edukitzea leporatu diote folk elektronikoaren nazioarteko izarrari. Besteak beste, Bjorkekin egin du lan, eta Euskal Herrian ere jo zuen, 2017an.

Souleyman, kontzertu batean. RAPH_PH - EOTR010918-19
Edu Lartzanguren.
2021eko azaroaren 18a
11:21
Entzun

Omar Suleimani abeslaria atxilotu egin zuen atzo Turkiako Poliziak, Kurdistango Urfa hirian. Kurdistango Langileen Alderdiko kide izatea leporatu diote. Folk elektronikoaren izarra da, eta milioika jarraitzaile ditu mundu osoan.

France Press agentziak zabaldu duenez, duela gutxi YPG Herriaren Babeserako Unitateek kontrolaturiko eremu batera eginiko bidaia baten inguruan galdekatu dute. Haren etxea ere miatu egin du Turkiako Poliziak. Siriaren menpeko Kurdistanen Turkiaren Armadaren eta Estatu Islamikoaren kontra ari da borrokan YPG. Turkiak PKK Kurdistango Langileen Alderdiarekin lotzen du.

Suleiman Haseke eskualdean jaio zen, duela 55 urte. Arabiar sunita izanda ere, arabiarrez eta kurdueraz abesten du, eta beti mintzatu da eskualdean bizi diren talde etnikoen arteko elkarbizitzaren alde. Sirian gerra hasi zenean, okindegia jarri zuen Urfa hirian, errefuxiatu pobreei ogia doan emateko.

Nekazaria izan da beti Suleiman, baina lan hori ezkontzetan abestearekin bateratzen zuen. Ospea ere horrela lortu zuen: 500 bat disko argitaratu dituzte haren izenpean, horietako gehienak ezkontzetan zuzenean grabaturikoak. Eskuz esku zirkulatu dute diskook eskualde osoan hamarkada luzez. Amodioaren inguruko abestiak erritmo elektroniko dantzagarriekin nahasten ditu. Haren Warni Warni bideoa, esaterako, 94 milioi aldiz ikusi dute YouTuben.

t

Azken urteotan mundu zabaleko ospea lortu du. 2011. urtean Bjork musikariarekin egin zuen lan: haren Biophilia diskoko hiru abesti berriz nahastu zituen, eta islandiarrak bere disko batean argitaratu zituen.

Nazioarteko jaialdi askotan jo du, besteak beste, Glastonburykoan 2011. urtean, eta Bakearen Nobel Saria emateko ekitaldian, 2013an. Euskal Herrian 2017an jo zuen Bilboko Hiria jaialdian.

Fermin Muguruza musikariak Suleimanen atxiloketaren berri zabaldu du sare sozialetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.