Hezkuntza

Neskak eta mutilak banatzen dituzten eskolak diruz laguntzen jarraitzearen alde egin du Nafarroako Parlamentuak

Ezkerrak lege proposamen bat egin du ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten ikastetxeei ituna kentzeko, baina Navarra Sumak, PSNk eta Geroa Baik aurka bozkatu dute.

Haur batzuk Miravalles-El Redin ikastetxean sartzen, artxiboko irudian. IñIGO URIZ / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2021eko azaroaren 18a
11:51
Entzun

Ezkerrak lege proposamen bat egin du neskak eta mutilak bereizten dituzten ikastetxeei itunak bertan behera uzteko. Nafarroako Parlamentuaren osoko bilkurara eraman du proposamena, baina ez dute onartu, haren aurka egin baitute Navarra Sumak, PSNk eta Geroa Baik; Ezkerraren, EH Bilduren eta Ahal Dugu-ren babesa soilik jaso du.

Egun, neskak eta mutilak eraikin bereizietan dituzten bi ikastetxe daude Nafarroan: Miravalles-El Redin eta Irabia-Izaga. Iazko ikasturtean, Nafarroako Gobernuak hamahiru milioi euro pasatxo bideratu zituen bi eskola horietara, COVID-19agatik sortutako gastuak ordaintzeko emandako laguntza kontuan izan gabe.

LOMLOE Espainiako hezkuntza lege berriak debekatu egiten du gisa horretako ikastetxeak diruz laguntzea. Nafarroan, apirilean onartu zituzten Lehen Hezkuntzako itun berriak —LOMLOE indarrean zegoela—. Ikasturte honetan, LH1eko neskek eta mutilek ikasgela beretan ikasten dute; ez, ordea, LH2tik LH6ra bitartekoek. Urrian, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenok esan zuen «mailaka» lortuko dutela bereizketa ezabatzea; hau da, datorren ikasturtean ere laguntza mantenduko diete, LH3tik LH6ra arteko neskak eta mutilak talde desberdinetan izanda ere.

Ezkerraren bozeramaile Marisa de Simonek erabaki horren aurka egin du gaurko osoko bilkuran: «Nafarroan datorren ikasturtean ez litzateke egon behar itunpeko gela bat bera ere sexuagatik neskak, mutilak eta irakasleak banatzen dituena». Eta gogorarazi du LOMLOEk ere hala jasotzen duela. EH Bilduren ordezkari gisa, Bakartxo Ruizek esan du beti izan dutela argi zein den EH Bilduren iritzia: «Hezkuntza sisteman ezin da inolaz ere onartu sexuagatik bereiztea, hezkidetzaren printzipioaren aurka doalako eta neskek eta mutilek eskubidea eduki behar dutelako berdintasunean oinarritutako hezkuntza jasotzeko». Ahal Dugu-ko Ainhoa Aznarez ere argi mintzatu da: «Finantzaketa publikoa jasotzen duten ikastetxeek mutilak eta neskak bereizteari utzi behar diote».

Ordea, proposamenak ez du lortu aurrera egitea, Navarra Sumak, PSNk eta Geroa Baik auka bozkatu baitute. Nafarroa Sumako Pedro Gonzalezen hitzetan, «mundu zibilizatuan» gero eta gehiagok pentsatzen dute neskek eta mutilek banatuta ikastea dela berdintasuna bultzatzeko modurik egokiena.

PSNko eta Geroa Baiko parlamentariek bestelako arrazoiak eman dituzte. PSNren izenean, Jorge Agirrek esan du bat egiten duela ikasleak bereizten dituzten ikastetxeen itunak bertan behera uzteko helburuarekin, baina Nafarroako Gobernuaren bideari segitzearen alde agertu da, «gaur egun matrikulatuta dauden ikasleen jarraitutasuna bermatzeko derrigorrezko etapak amaitu arte». Geroa Baiko Maria Solanak adierazi du «mugarri bat» dela ikastetxe horiek ikasturte honetan ikasgela mistoak izateko bidea hasi izana. Nabarmendu du Ezkerraren lege proposamenak aukera kendu nahi duela aldaketa hori «adostuta, ordenatuta eta modurik demokratikoenean, justuenean eta juridikoki seguruenean» egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.