Koronabirusa

Astebetean %21 handitu da ospitaleetako arta behar duen gaixo kopurua

ZIUetan gorakada ez da hain nabarmena: duela astebete baino sei gaixo gehiago daude. Gipuzkoan da egoerarik larriena: azken hamalau eguneko intzidentzia 398 kasukoa da 100.000 biztanleko.

PCR proba egiteko leku bat, artxiboko irudian. JON URBE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2021eko azaroaren 18a
13:27
Entzun

Goraldian da COVID-19a. Hala erakusten dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuek: astelehenetik —orduan berritu zituen azken aldiz datuak Eusko Jaurlaritzak— 2.284 kasu atzeman dituzte. Azken eguneko datua bereziki kezkagarria da: atzo egindako 11.140 probetan 958 lagunek eman dute positibo; hau da, %8,6k. Beraz, nabarmen gainditu da %5, OME Osasunaren Mundu Erakundeak pandemia kontrolpean edukitzeko ezarritako muga.

Gipuzkoako egoera bereziki kezkatzekoa da: azken hamalau eguneko intzidentzia 398 kasukoa da 100.000 biztanleko; 273koa da Nafarroan; 152koa Bizkaian; eta 134koa Araban. Eusko Jaurlaritzak neurri berriak iragarri ditu udalentzat asteon: 100.000 biztanleko intzidentzia tasa metatua 150 kasutik gora duten herrietan, udal agintariek bertan behera utzi edo aldi baterako atzeratu beharko dituzte prebentzio neurriak betetzea bermatu ezin duten jarduera guztiak. 119 herri daude egoera horretan.

Pixkanaka bada ere, gaixo horietako batzuk ospitaleetara iristen ari dira. Egun, 182 gaixo daude Osakidetzako eta Osasunbideko erietxeetan, duela astebete baino %21 gehiago. Horietako batzuk, gainera, larri daude, ZIUetan. Zehazki, 30 gaixok behar dute mota horretako arta, duela astebete baino sei gehiagok.

134 ikasgela itxita

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak itxitako ikasgelen datuak ere eman dituzte:134 ikasgela daude itxita. Orotara, 75 ikastetxetan dauzkate ikasgelak itxita. Nafarroan zenbat ikasle konfinatuta dauden ere jakinarazi dute: 1.142

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.