Frantziako Asanbleak debekatu egin du zirkuetan animalia basatiak erabiltzea

Bisoien etxaldeak ere itxiko ditu, eta aurrerantzean ezin izango da izurderik erabili ikuskizun komertzialetan. Etxe abere baten jabe izateko neurriak ere zorroztu dituzte.

Zirkuko ikuskizun bat, artxiboko argazki batean. EFE
jone arruabarrena
2021eko azaroaren 18a
17:14
Entzun

Frantziako Asanbleak animaliei emandako tratu txarrak zigortuko dituen legea onartu du gaur. Arau berriak bereziki nabarmentzen du animalia basatien erabilera komertziala; besteak beste, datozen bi urteetan debekatu egingo dute animalia basatiak erosi eta ugaltzea, eta zirkuetan debekatuta egongo dira zazpi urtez. Horrez gain, ikuskizunetarako izurdeak erabiltzea ere debekatuko dute—gobernuak baimendutako ikerketa zientifikoetarako soilik erabili ahal izango dira—, bost urteko epean.

Bisoi etxaldeak ere itxiko dituzte legea indarrean sartu bezain laster, eta 2024tik aurrera ezin izango dira animalien dendetako erakusleihoetan txakurrak eta katuak erakutsi.

Animaliei tratu txarrak ematen dizkietenen aurka ere neurriak zorroztu ditu legeak. Tratu txarrak emateagatik hiru urte arteko kartzela zigorra ezarri dute, eta animalia bat erailtzen duenak 45.000 euroko isuna ordaindu beharko du, kartzela zigorraz gain. Beste animalia batzuk edukitzeko debekua ere ezarriko da kasu horretan.

Hala ere, prebentziora bideratutako bestelako neurriak ere proposatzen ditu lege berriak. Esaterako, etxabere bat erosi aurretik «sentsibilizazio ziurtagiri bat» lortu beharko dute jabeek. Bertan gogoraraziko zaie animalia bat edukitzeak dakartzan betebeharrak eta gastuak.

Frantziako Senatuan 332 kidek babestu dute legea. Batek aurka egin du, eta beste hamar abstentzio izan dira. Hala ere, talde ekologistentzat legea ez da nahikoa izan; zezenketak eta nekazaritzara bideratutako etxalde industrialak aipatzen ez dituela salatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.