Austriak erabateko konfinamendua ezarri du

Vienak iragarri du otsailetik aurrera derrigorrezkoa izango dela txertatzea. Alemaniak ohartarazi du soilik txertatuak edo gaitza gainditua dutenak sartu ahalko direla eremu publiko itxietan 100.000 biztanleko sei erietxeratu baino gehiago dituzten eskualdeetan.

Haur bati txertoa jartzen. CARLOS ORTEGA, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko azaroaren 19a
11:07
Entzun

OME Osasunaren Mundu Erakundeak ohartarazi zuen: Europa da orain pandemiaren erdigunea, eta azken egunetako datuek berretsi egiten dute hark esandakoa. Egoerari aurre egiteko neurri berriak hartzen hasiak dira estatu gehienak. Austriak hogei eguneko derrigorrezko itxialdia ezarri die herritar guztiei, txertatuta egon edo ez;itxialdia abenduaren 12ra arte luzatuko litzateke txertatuak daudenentzat, eta eperik gabe txertatu gabeentzat.Astelehenean sartuko da indarrean neurria. «Herritarrek murrizketak bete beharko dituzte hogei egunez, zenbaitek ez dutelako elkartasunez jokatu nahi izan. Eskatzen diet bete ditzatela neurriak eta gutxitu ditzatela kontaktuak», esan du Alexander Schallenberg kantzilerrak. Horrez gain, iragarri du otsailetik aurrera derrigorrezkoa izango dela koronabirusaren aurkako txertoa hartzea.

Aste honen hasieratik daude itxialdian txertatu ez diren herritarrak Austrian. Baina horrek ez ditu kutsatzeak moteldu. Atzo beste 15.000 kasuren berri eman zuen bederatzi milioi biztanleko herrialdeak. Azken egunetan, dena den, ugaritu egin dira txertatzeko eskariak, eta dagoeneko herritarren %65 daude txertatuta —Europako Batasunean herritarren %67k hartu dute txertoa—. Kantzilerrak aitortu du ez dutela jakin herritarrak konbentzitzen, baina txertoaren aurka egin duten alderdiei egotzi die erantzukizunaren zatirik handiena. Horietako bat da eskuin muturreko FPO, zeinak %20ko babesa duen. «Osasun sistemaren aurka» aritzea egotzi dio Schallenbergek FPOri. Eskuin muturreko alderdiko buru Herbert Kicklek —berrogeialdian da positibo eman ostean— «diktaduratzat» jo du neurria, eta manifestazio handi batera deitu du biharko, ezarritako murrizketen aurka.

Eslovakiak berrogeialdian jarri ditu txertatu ez diren eta gaitza gainditu ez duten herritarrak. Neurria astelehenean sartuko da indarrean. Eduard Heger lehen ministroak azaldu du txertatu gabeak direla erietxeetan dauden COVID-19 gaixoetatik %70, eta ospitale gehienetan dagoeneko ez dutela oherik gaixo gehiago hartzeko. Horiek hala, soilik oinarrizko beharrak asetzera atera ahal izango dira etxetik txertatu gabeak. Orain 2.904 pertsona daude erietxeetan; horietatik 505, larri.

Alemaniak ere murrizketa gehiago iragarri ditu, eta aurreratu horiek gogortuz joango dela erietxeetako testuinguruaren arabera. «Oso egoera kezkagarrian gaude. Hau ez zatekeen gertatuko txertatu gabeak gutxiago balira», esan du Angela Merkel jarduneko kantzilerrak. Hala, Berlinek iragarri du txertatzea derrigorrezkoa izango dela pertsona zaurgarriekin kontaktuan dauden langileentzat —orain arte borondatezkoa zen, eta, beraz, legedia aldatu beharko du gobernuak—. Horrez gain, 100.000 biztanleko asteko sei erietxeratu baino gehiago dituzten eskualdeetan, soilik txertatuak eta gaixotasuna gainditu dutenak sartu ahalko dira eremu publiko itxietan, ez bada oinarrizko beharrak asetzeko —hala daude egun Alemaniako lander gehienak—. Egoerak okerrera eginez gero , txertatuei ere test negatibo bat eskatuko litzaieke aipatu eremuetara sartzeko, eta, hala ere, kasuak gutxitzen hasi ezean, aipatutako eremuak itxiko lirateke.

Datu txarrak dituzte Alemanian. Gaur beste 52.970 kasu jakinarazi dituzte, eta zenbait eskualdetan hasiak dira dagoeneko gaixoak beste erietxe batzuetara bideratzen. Hala daude, besteak beste, Bavieran. Adituek neurri zorrotzagoak hartzeko ere eskatu dute, besteak beste, gaueko aisialdia bertan behera uztea. Gaixotasunen kontrolerako Robert Koch Institutuko buru Lothar Wielerrek esan du, herrialdeak duen testuingurua kontuan izanik, motz geratzen direla, eta aholkatu du herritarrak etxean gera daitezen. Alemaniako Osasun ministro Jens Spahnek berak ez du baztertu erabateko itxialdia ezarri behar izatea, eta ohartarazi du herrialdea «larrialdian» dagoela.

Hungariak 11.289 kasu jakinarazi ditu gaur. Viktor Orban lehen ministroaren gobernua ez da neurri zorrotzak hartzearen aldekoa, baina aurreratu du bihartik aurrera maskara derrigorrezkoa izango dela areto itxietan, eta 500 pertsona baino gehiago biltzen dituzten ekitaldietan txertaketa ziurtagiria eskatu beharko dela. Horrez gain, osasun arloko langileek hirugarren dosia hartu beharko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.