Artea

Baionako familia batek jakin du litekeena dela etxean zeukaten koadro batek 200.000 euro balio izatea

Alexei Jaulenski margolariarena da koadroa, eta baionarrek ez zuten susmorik ere haren balioaz. Gaur jarriko dute enkantean Donibane Lohizunen.

Eskuinean Jaulenski margolariak bere buruari eginiko erretratua. Eskuinean, Baionan topaturiko 'Judua otoitzean' margoa. BERRIA
Edu Lartzanguren.
2021eko azaroaren 19a
11:20
Entzun

Nork ez du eduki etxeko paretan hautsa hartzen betidanik egon den koadro zahar, eta ez bereziki polit hori, botatzeko, eta Ikean erositako irudi moderno bat jartzeko?

Kasu! Baionako familia batek deskubritu berri du etxean zeukatenak dirutza balio duela. 200.000 eta 300.000 euro artean baloratu diote Judua otoitzean deituriko margolana. Gaur jarriko dute enkantean Donibane Lohizunen (Lapurdi), 14:00etatik aurrera.

France Bleu Pays Basque irratiak zabaldu duenez, Alexei Jaulenski margolari errusiarrarena da koadroa (1864-1941). Moskun eta San Petersburgon ikasi zuen, espresionismoaren moldeak hartu zituen, eta, gero, abstrakziora jo zuen. Izan ere, Wassili Kandinskiren laguna eta lankidea izan zen, baita Henri Matisserena eta Paul Kleerena ere. Baionan agerturiko koadroa 1893. urtean margotu zuen.

Baionako familia horretako aitona Poloniatik Lapurdiko hiriburura bizitzera joandako arte biltzailea zen, eta 1950 aldera erosi zuen margolana. Bilobei utzi zien, etxearekin. Baina senideek etxea saltzea erabaki dute, eta egongelan zuten koadroak zer edo zer balio zezakeen jakin nahi izan zuten. Horretarako, Arnaud Lelievre adituari deitu zioten. Hark berehala esan zien koadroak balioa bazuela, ez zelako arrunta eta zirilikoz idatzitako hitzak zituelako atzean, irratiak zabaldu duenez. Datu horiekin, adituak esan zien 5.000 euro bat balioko zuela.

Familiak ikertzen jarraitu du, ordea, eta hainbat hilabeteren buruan jaso dute albiste ona: balitekeela 200.000-300.000 euro inguru balio izatea. Gaur jakingo da salduko ote den, eta zenbatean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.