Mugikortasuna

Donostiako Udalak ibilgailuak debekatu nahi ditu hiriaren erdigunean

Baimendutako ibilgailuak baino ezin izango dira erdialdean sartu 2023tik aurrera, udal gobernuaren asmoa aurrera ateratzen bada. Garraio publikoa indartuko dutela eta gune berdeak handituko dituztela ere iragarri dute.

Donostiako Bulebarra, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA/FOKU
jone arruabarrena
2021eko azaroaren 19a
14:15
Entzun

Garraio publikoa, baimena duten ibilgailu bereziak eta bizilagunak: horiek bakarrik sartu ahalko dira Donostiako erdialdera 2023. urtetik aurrera. Gaur aurkeztu du proposamena Eneko Goia alkateak. Hala ere, adierazi du oraindik herritarren parte hartzearen bidez erabaki behar dela neurria ezarriko den edo ez. Neurriak Bulebarrean, Urbieta kalean, Araba parkean eta ibaiaren inguruetan eragingo du.

Gaur aurkeztu dute Datorren Donostia hiriko mugikortasun plan berria, eta, aipatutako neurriez gain, beste hainbat aldaketa ere proposatzen ditu; besteak beste, herritarrek «espazio publikoa berreskuratu» dezaten nahi du udalak, eta, horretarako, hiriko erdialdeko hainbat kale oinezkoentzako soilik gaituko dituzte. Neurri horien bidez hirian «gas isuriak gutxitzea» lortu nahi du Udalak.

Horrez gain, ibilgailu partikularrak kentzearekin batera, garraio publikoa indartuko dutela ere iragarri du Goiak. Horretarako, mendebaldetik ekialdera eta iparraldetik hegoaldera joango diren bi linea nagusi egongo dira hirian, eta, horiekin, alkatearen arabera, «ordu erdian» heldu ahal izango da hiriaren alde batetik bestera, gehienez ere. Azaldu du horrek hobeto konektatuko dituela kanpoaldeko eremuak zentroarekin.

Gune berdeak ere sortu nahi ditu Udalak plan berriaren bidez: Antiguoko tunelaren ondoan bat, eta Zurriolako pasealekuaren amaieran bestea. Araba parkea eta Loiolako Memoriaren Lorategia ere zabalduko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.