Animatzaileek protesta egin dute Baionan

Aisialdi publiko eta pribatuko animatzaileek greba mugimendua antolatu dute lan baldintza hobeak eskatzeko

Animatzaileen protesta Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
2021eko azaroaren 19a
15:32
Entzun

Animazio arloko langileek protesta egin dute gaur goizean Baionako suprefetura aitzinean, haien lan baldintzak hobetzea eskatzeko. Hogei bat pertsonak elkarretaratzea egin dute, «zuen haurrak laguntzen ditugu, lagun gaitzazue» bezalako mezuak zeramatzaten afixak eskuetan. Animatzaileak eta hezitzaileak «beharrezkoak» direla aldarrikatu dute. Haien estatusa hobetzeaz gain, prestakuntza hobetzeko eta lansariak emendatzeko ere eskatu dute.

«Ez gara biziki entzunak usaian; nehok ez du ezagutzen gure egoera», deitoratu du Maialen Fauthoux Uda Leku aisialdi zentroko animatzaileak Euskal Irratietan. «Kontratu gehienak kontratu biziki laburra dira, epe baterako bakarrik». Hezkuntza engaiamendurako kontratuen berezitasuna ere aipatu du. «Harritzekoa da. Jendea egunean hogei euro pagatzeko eskubidea dugu. Hamar oren eginen ditu, eta orena bi euro ordaindua izanen zaio».

Anitzetan apalak izan ohi diren lansariak emendatu behar direla aldarrikatu du Fauthouxek, eta lan baldintzen dorpetasuna ere azpimarratu du. «Eskolaz kanpoko jardueretan, animatzaile bakarra da hemezortzi haurrentzat. Baina animatzaile batek aipatzen zidan irailean 30 haur izan zituela bere ardurapean. Hor ez da gehiago animazioa; zainketa da. Biziki gauza larriak gertatzen ahal dira: ez gara makinekin ari; haurrak ditugu parean. Eta hezkuntza egiten dugu. Ez dakit jendeak hori beti biziki argi duen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.