Zinema
Marija Apcevskaren 'North Pole' laburrak irabazi du Zinebiko sari nagusia
Mel Arranzen Azaletik azalera animazioak jaso du euskal zinemaren saria, eta Fern Silvaren Rock Bottom Riser film luzearentzat izan da ZIFF – ZINEBI saria.

Guztira, 55 lan proiektatu ditu Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak egunotan, eta haien artean Marija Apcevska zuzendariaren North Pole fikziozko laburra nabarmendu du epaimahaiak. «Protagonistaren aurpegia bezain delikatua da filma, eta itxaropenaren, betebeharraren, presioaren eta askapen gozoaren artean dabilen zerbait bezala deskribatzen du emakumeen desira. Bere nerabezaroan, drama mugimendu bakar batean sortu eta desagertu zen». 7.000 euro jasoko ditu zuzendariak, eta, gainontzeko sarituek bezala, gaur jasoko du garaikurra, Arriaga antzokian egingo den itxiera jaialdian. Saritutako pelikulak ere proiektatuko dituzte ekitaldian, eta bihar ere proiekzio berezia egingo dute antzokian bertan haiekin guztiekin.
Fern Silvaren Rock Bottom Riser film luzeak jaso du sail ofizialeko beste sari nagusia. Zuzendari berrien lan dokumental luzeentzat da ZIFF-Zinebi izeneko sari hori, eta 12.000 eurokoa da. Aurrez ere Berlinaleko Encounters saileko epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuen Silvaren lanak, eta hori izan da Zinebiko epaimahaiaren ustez ere, kasu honetan, Bilboko lehiaketan proiektatu den eta zuzendari berri batek egin duen dokumental luzerik onena. Epaimahaiak aipamen berezia egin dio, bestetik, Jessica Beshir zuzendari mexikar-etiopiarraren Faya Dayi dokumentalari.
Mel Arranz zinemagileak jaso du Euskal Film Laburrik Onenaren Sari Nagusia, Azaletik azalera lanarengatik. Ukidura ardatz duen animaziozko film esperimental bat da filma, eta zuri beltzeko irudien bidez zinemagintzaren materialtasunari ere egiten dio keinu. 6.000 euro jasoko ditu. Eta ordain bera jasoko dute Espainiako Film Laburrik Onenaren saria irabazi duen Descartes dokumentalaren egileek ere: Alejandro Alvaradok eta Concha Barquerok.
Genero bakoitzeko Mikeldi sari bana ere hautatu dute: Inherent-ek jaso du fikziozko film laburrik onenarena, Crumbs of Life filmak animaziozko laburrik onenarena, eta Some Kind of Intimacy-k film labur dokumentalik onenarena. 5.000 eurokoa da sari horietako bakoitza.
Bestalde, Maider Oleagak eta Carlota Peredak idatzitako Kinka fikziozko film laburrari Euskadiko Gidoirik Onenaren Saria eman diote, 3.000 eurokoa. Diana Cam Van Nguyenren Milý tati lanak jaso du EiTBren publikoaren saria, 3.000 eurokoa. Cineclub FASek 2.000 euroko saria eman dio Ainara Elgoibarren Rotor filmari, eta UNICEF saria Paula Armijoren Écoutez-moi film dokumentalarentzat izan da.
Hainbat proiekturentzako laguntzak ere banatu dituzte jaialdian. Maria Elorzak zuzendutako eta Txintxua Filmsek ekoitzitako Libros et mulieres cano (A los libros y a las mujeres canto) izenekoak 10.000 euroko laguntza jaso du. Eta film laburren proiektuak bultzatzeko Aukera saria ere banatu dute aurten lehenengoz. Hari esker, 3.000 euro jasoko dituzte Tamara Lucarini Cortesek zuzenduko duen Prioridades lanak, Ane Ines Landeta eta Lorea Lyonsen Azkena-k, eta Ainhoa Olaso Sopelanak eta Enara Garcia Elkoroaristizabalek zuzenduko duten Hemen bizi da maitasuna proiektuak.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.