Erraietatik

Garbiñe Elizegi, Expe Iriarte, Miren Legorburu, Xabier Isasi, Onintza Enbeitia, Xabier Alvarez de Arkaya eta Aritz Azkona
2021eko azaroaren 19a
15:38
Entzun

Gaurkoan partekatu nahi dugun hausnarketa azkenaldian herri bezala hartu dugun norabidearen inguruko kezkatik heldu da. Ezker Abertzalearen legalizazioak eta ETAk borroka armatua alde batera uztearen erabakiak birkokatze prozesu bat eskatzen zuen, bai guretzat bai etsaiarentzat ere. Aldaketa askotan bezala, kezka eta zalantza asko sortu ziren hainbeste aipatzen zen «garai berri» horrek hartuko zuen norabidearekin. Hala ere, ohitura dugun moduan, aurrera!

Ibilbide hau, ilegalizazio garaian egitea egokitu zitzaigun batzuei; beste hainbati instituzioetan urte luzez isildutako ahotsen ordezkaritzaren papera betetzea tokatu zitzaigun, eta beste batzuk horretan ari gara gaur egun. Ilusio eta indar guztiarekin hartu genuen erronka hori. Argi genuen instituzioetan egotea nazio askapenerako baliatu zitekeela, sekula helburu bezala planteatu gabe. Jakin badakigulako instituzio horiek Estatu zapaltzaileek dituzten tresnarik eraginkorrenak direla herri hau zapaldu eta desagerrarazteko.

Testuinguru honetan, instituzioak herritarren esku jartzean dago gakoa, beren izaera patriarkala eta hierarkikoa salatzen dugun bitartean. Gardentasuna eta parte hartzea bultzatuz instituzio horiek eraldaketa sozialean laguntzeko eta boterea banatzeko erabiliz. Horrelako egitasmoak biderkatu zaizkigu Euskal Herriko txoko guztietan. Aitzitik, botere instituzional hori nazio eraikuntzaren oinarri diren herri mugimenduekin partekatu eta saretu dugunean emaitza eraginkorrak izan ditugu, Udalbiltza, UEU edota Uema, batzuk aipatzearren.

Aldi berean, instituzioek badituzte beren arrisku eta tranpak. Botere eremu klasiko guztietan bezala, denborak eta inertziak erosotasunera eta sistemaren parametroetan funtzionatzera eramaten gaitu, erne ez bagabiltza behintzat. Hori bereziki kezkatzen gaituen errealitate bat da. Adibide bezala, hautetsi abertzale gehien ditugun garai honetan, aipatutako nazio eraikuntzarako sortutako tresnak sortu zirenean baino indar gutxiagorekin defendatzen ditugu, Gaindegiaren kasuan, desegin arte.

Gure ustez, herri prozesua bizikleta baten metaforarekin parekatu daiteke, zeinetan bi gurpilak ezinbestekoak diren, instituzionala eta herri dinamikarena. Bizikletaren ardatz traktorea herri dinamikaren gurpilean legoke, bestea ibilarazi eta indarra emanez.

Eztabaida ez da instituzioak bai ala ez, baizik eta zertarako, nondik, nola, eta norekin. Gure hautetsiak, Madrilek eta Parisek markatzen dituzten markoetan lan egin beharrean, Euskal Agenda propioa adosten, eraikitzen eta jorratzen behar ditugu. Alegia, herri eta auzoetako batzarretan herriarekin batera ikasten eta aliantzak eraikitzen. Entzuten. Boterea oinarritik sortzen.

Ez da kasualitatea ere esparru horretan den genero eta adinaren arteko desoreka. Badirudi, legeak behartuta ez bada, instituzioetan eta partiduen egituretan zein batzarretan, adin batetik gorako gizonak direla nagusi: berehalakotasunak, emaitzak, arrazionaltasunak, ordenak, hierarkiak eta zaintzarik ezak ezaugarritzen duten eredu patriarkala erreproduzituz. Izate hori deseraikitzeko ezintasun horrek ezinezkoa bihurtzen digu sistemak bazterrean kokatzen gaituen identitate zein subjektuei (nazional zein kapitalismo-heteropatriarkalak zapaldurikoak) boterea lehiatzea. Euskal Herri feminista, sozialista eta euskalduna lortzeko, ezin ditugu instituzio horiek gure borrokaren ardatz bakartzat hartu. Euskal Herriaren eraikuntzaren arrakasta soilik esparru eta subjektu anitz horien elkarlan eta ahalduntzetik etorriko da.

Gure borrokaren oinarri izan behar duten herri mugimenduetan, aldiz, azken hamarkadetan ikusi duguna eredugarria izan da. Mugimendu feministatik hasita, etxebizitza, hizkuntza edota lurraren defentsaren mugimenduetaraino militantziaren aniztasuna eta zaintza bermatzearen aldeko apustu sendoa egiten ari da. Eztabaida demokratikoa, iritzi kritikoa, desobedientzia, auzolana eta ekintza zuzena oinarritzat hartuz, boterea eta hark sortzen dituen harremanen lanketa sakona egiten gabiltza. Hortaz, instituzioetan gauden militanteok ezinbestekoa dugu herri dinamikaren indar traktorea eta iparra. Arrazionaltasunetik harago, erraietatik eta gorputz kolektiboetatik hausnartuz, sentituz eta ekinez. Lurrari Lotuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.