Nafarroak baimena eskatu du azaroaren 27tik urtarrilaren 6ra ziurtagiria eskatzeko

Nafarroako Auzitegi Nagusiak datorren astean aztertuko du gobernuaren eskabidea. Asmoa da neurriak diskotekei, dantzalekuei eta ostalaritza zerbitzua ematen duten lokal batzuei eragitea, besteak beste.

COVID-19 ziurtagiria eskazen, Hiriburu saltoki batean. GUILLAUME FAUVEAU
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko azaroaren 19a
16:17
Entzun

Baieztatu dira susmoak: Nafarroako Gobernuak baimena eskatuko die auzitegiei COVID ziurtagiriaren inguruko neurria indarrean jartzeko, eta eman du asmoaren gaineko zehaztapen gehiago ere. Gobernuak jakinarazi duenez, neurria azaroaren 27tik urtarrilaren 6ra bitartean ezartzea da asmoa, Eguberrietan eta inguruko egunetan, alegia. Epaileen onespena beharko da, ordea, indarrean jartzeko. Gobernuak datorren astean helaraziko du eskabidea. Epaileek orduan hartuko dute haren gaineko erabakia.

Emandako informazioaren arabera, ziurtagiria eskatzea da gobernuaren asmoa, batetik, jatetxeetan eta ostalaritza zerbitzua ematen duten bestelako establezimenduetan, betiere gehienezko edukiera 50 pertsonakoa baino handiagokoa den lokaletan. Era berean, diskoteketan ere ezarri nahi dute neurria, dantzalekuetan eta gaueko aisialdirako tokietan. Mugak baimen bereziak dituzten ostatu eta klubetan ere izanen luke eragina; horietan, gobernuak zehaztu duenez, gauerdian hasiko lirateke ziurtagiria galdegiten; ez lehenago.

Halaber, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak txertatzera deitu ditu oraindik txertoa hartu gabe direnak. Oroitarazi dute aurretik ordua eskatu gabe ere posible dela txertoa hartzea. Horretarako, aski da Forem gunera joatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak