Gorroto delituak

Gorroto delituei aurre hartzea gakotzat jo dute jardunaldi batzuetan, Bilbon

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako sailburuak, eta Eduardo Santos Nafarroako Gobernuko kontseilariak parte hartu dute mahainguru batean. Uste dute gorroto diskurtsoekin bukatzeko, prebentzioa dela garrantzitsuena.

Gorroto delituak aztertzeko mahaingurua egin dute Bilbon. NAFARROAKO GOBERNUA
unai etxenausia
2021eko azaroaren 19a
16:31
Entzun

Gorroto delituak izan dituzte aztergai EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco Katedrak Bilboko Bizkaia Aretoan antolatu dituen jardunaldietan. Mahainguru batekin hasi dituzte jardunaldiak, eta Euskal Herriko politikari eta adituek haien iritzi zein proposamenak aurkeztu dituzte bertan. Mahainguruaren parte izan dira Beatriz Artolazabal, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, eta Eduardo Santos, Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilaria. Gorroto delituekin harremandutako gai ezberdinak jorratu dituzte biek. Lehenik, Artolazabalek sare sozialen erabileraren inguruko gogoeta egin du, eta ohartarazi du sare sozialen bitartez «gero eta gehiago» gorroto mezu gehiago zabaltzen direla. Santosek, berriz, arrazakeriaren inguruan hitz egin du, eta gorrotozko diskurtsoak prebenitzeko eta horiei aurre egiteko lege proposamen zehatzak aurkeztu ditu. Are, Arrazakeriaren Aurkako Legearen eta Justizia Errestauratiboari Buruzko Foru Legearen alde egin du. Gaiak ezberdinak izan arren, bat egin dute biek, eta aipatu dute gorroto diskurtsoekin «behingoz» bukatzeko, prebentzioa dela garrantzitsuena.

Artolazabalentzat, sare sozialetako harremanen bilakaerak eta garapenak agerian utzi dute, besteak beste, izaera «arrazista, xenofoboa eta homofoboa» duten diskurtsoen errealitatea areagotu egin dela; «ijto herriaren aurkakoa», adibidez. «Krisia hasi zenetik, beste behin ere, pertsona eta kolektibo ahulenak bereziki kaltetzen eta diskriminatzen ari dira», azaldu du.

Santosen ustez, gorroto delituak, eta, bereziki, arrazakeria delituak prebenitzeko eskubide sozialak indartzea «funtsezkoa» da, «gorrotoaren hedapenaren aldeko haztegirik» egon ez dadin. Ildo horretan, etorkizuneko Arrazakeriaren Aurkako Legeak «gogoeta sozial bat» ahalbidetuko duela esan du, eta pertsonei jatorriaren arabera eragiten dien egoera bati modu integralean nola «aurre egin» aztertzeko balioko du. Bestalde, Justizia Errestauratiboari Buruzko Foru Legeak, «benetan behar dutena egiteko» tresna edo bitartekoak emango dizkio Nafarroari. «Benetan behar dutena, biktimei eta haien premiei arreta jartzeko eta erasotzailea pertsona horiei ez ezik, gizarte bizikidetzari ere eragiten dion kalteaz jabetzeko balioko du legeak».

Gero eta jende gehiagok erabiltzen ditu sare sozialak, batez ere gazteek, baina Artolazabalek ohartarazi du bizikidetzaren aurkako «bide berriak» direla: «Diskurtso eta gorroto delitu horiek bizikidetza hausteko modu berriak dira, eta, horren aurrean, irmo jokatu behar dugu gure diskurtsoetan». Gainera, Santosek gehitu du sare sozialetan zein beste esparru batzuetan, «xenofoak edo arrazistak» direla gorroto delitu gehienak.

Ezagutza eta koordinazioa

Gorroto delituei aurre egiteko, Artolazabalek aipatu du funteskoa dela gertatzen diren gorroto gertakari eta delituei buruzko informazioa edukitzea. Izan ere, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Ertzaintzak 241 kasu erregistratu zituen iaz, eta 63 kasu Eraberean sareak. Horregatik, erregistratutako gertakari kopuruaren «hazkunde handia» antzeman ondoren, Ertzaintzak arlo horretako prestakuntza handitu duela azaldu du Artolazabalek. Horrez gain, gorroto diskurtsoak desagerrarazteko «heziketa eta sentsibilizazioan esfortzuak» egin behar direla nabarmendu du, eta bazterkeria eta diskriminazioa jasan duten pertsonei «babes emozionala» eskaini behar zaiela.

Bide horretan, Santosek esan du Nafarroan Pertsona Migratzaileen Harrera Plana aurkeztuko dutela. Plan horren puntu aipagarriena da Nafarroako zenbait herritan ematen ari diren egoera zehatzekin lan egingo duen udal teknikarien sare bat sortzea. Lan zehatz eta lokalizatu horretatik harago, Santosek «gorroto delituak hautemateko eta kuantifikatzeko metodologia sistematizatu eta lantzearen» aldeko apustua egin du. «Tresna zientifiko sendoak behar ditugu, arazo honen eraginari eta eragina duten kolektiboei buruz, gauzatu beharreko politika publikoei lehentasuna emateko», hausnartu du.

Bazterkeriari zein diskriminazioari aurre egiteko, «eskubideen defentsan» lana dagoela esan du Artolazabalek. Horregatik, haren ustez, beharrezkoa da «aniztasunaren diskurtso positiboa sortzea, eta giza eskubideen defentsan atzerapausorik ez izatea». Hala, Santosek nabarmendu du gorroto delituen inguruan «hausnarketarako espazio lasaiak» behar direla. «Izaera alderdikoi hutseko adjektibo ideologikoak eta tentazio sentimentala kendu behar dira pertsona eta kolektibo zaurgarriak modu eraginkorrean babestu ahal izateko», amaitu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.