Ezbeharra

Baieztatu da Behobia-Donostiako korrikalari bat hil dela

Herenegun zabaldu zen lasterketan parte hartu zuen 27 urteko korrikalari bat zendu zela, bihotzekoak jota. Geroztik, gizona hila ote zen zehazteko informazioa nahasgarria izan da, gaur arte. Omenaldia egin diote Tuteran (Nafarroa), irakasle baitzen hango ikastetxe batean.

Lasterketa hasi aurreko irudia, joan den igandean. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
2021eko azaroaren 19a
17:21
Entzun

Baieztatu dute, azkenik: Behobia-Donostia lasterketan parte hartzen ari zela, bihotz geldialdia eduki zuen korrikalarietako batek, eta, ondorioz, Donostia ospitalean zendu zen gero. Hain zuzen, Aragoiko (Espainia) El periódico de Aragón egunkariak plazaratu zuen herenegun notizia. Atzo, ordea, korrikalaria ez zela hila zabaldu zuten zenbait hedabidek, EITB tartean, eta aski nahasgarria izan zen gaiari buruzko informazioa. Are, Behobia-Donostiako antolatzaileek argitu zuten ez zutela heriotzaren baieztapenik. Informazio lausoko orduen ondotik, baina, zendu dela baieztatu dute azkenik. 27 urteko gizonezko bat da, Taustekoa (Espainia). Hector Vilellas zuen izena.

Hildakoa irakasle zen ogibidez, eta Iruñean eta Tuteran ari zen lanean azken hilabeteetan. Hain justu, Tuterako Monte San Julian ikastetxeak –zentro horretan aritzen zen lanaean– omenaldia eskaini dio gaur korrikalariari. Hainbat ikasle eta lankide bildu dira korrikalaria oroitzeko.

Lasterketako heriotza gehiago

Cesar Elordui bizkaitarra 2002an hil zen Behobia-Donostia lasterketa korritzen, amaitzen ari zenean ondoeza sentitu ostean. 2013an, Arantza Ezkerro nafarrak bihotz geldialdia izan zuen helmugara iristeko kilometro bat falta zitzaiola, eta bi urte geroago, 2015ean, Jose Javier Sueskun Subero nafarra hil zen, helmuga gurutzatu eta gero.

EITBk, ordea, gaur zabaldu du korrikalaria ez dela zendu, eta hil ala biziko egoeran dagoela. BERRIA harremanetan jarri da Behobia-Donostia lasterketaren antolatzaileekin, eta haiek adierazi dute ez dutela heriotzaren baieztapenik. Donostia ospitaleko iturriek, berriz, Datu Babeserako Legea aipatu dute esateko ezin dutela zabaldu kasuaren inguruko informaziorik, eta hori egitea familiari dagokiola, haiek nahi izanez gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.