Amazonia

Brasilgo Amazoniako deforestazioan azken 15 urteetako markak hautsi dituzte

Munduko oihan tropikalik handienak 13.000 kilometro koadro baino gehiagoko eremua galdu zuen 2020ko abuztutik 2021eko uztailera bitartean: Araba eta Nafarroa biak batera adinako eremua.

Brasilgo Amazoako baso bat moztuta, artxiboko irudi batean. MARCELO SAYAO, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko azaroaren 19a
17:35
Entzun

Laugarren urtez jarraian, Amazoniako deforestazioaren datuek hazkunde joerari eutsi diote. Ez zen halakorik gertatzen 1988an deforestazio datuak erregistratzen hasi zirenetik. Iazko datuen aldean —2019ko abuztutik 2020ko uztailera bitartekoak— %22 hazi da deforestatutako eremua, INPE Ikerketa Espazialen Institutu Nazionalak argitaratu duen azken txostenaren arabera.

Azken urteetako datuak ez datoz bat Brasilgo Gobernuak COP26 klima larrialdiari buruzko goi bileran iragarri zituen konpromisoak betetzeko jarraitu beharko lukeen ildoarekin. Brasilek 2030erako deforestazioarekin amaitzeko akordio bat sinatu zuen Glasgown (Eskozia), beste ehun herrialde ingururekin batera, eta horrek urtez urteko deforestazio kopuruen murrizte nabarmena sustatzea eskatzen du. Gainera, Jair Bolsonaroren gobernuak hitzeman zuen 2028rako etengo zuela legez kanpoko deforestazioa.

Elkarte ekologistek errealitatea «ezkutatzea» eta gobernuaren politika «ekozida» zuritzea leporatu diote Bolsonarori. «Hau da Bolsonaroren gobernuaren egiazko Brasil, atzerrian bere asmakeriazko diskurtsoekin eta zuriketa berdearekin ezkutatzen ahalegintzen dena», salatu du Mauricio Voivodic WWF elkartearen Brasilgo zuzendariak. Haren esanetan, «antolatutako kriminalak kontrolik gabe jarduten dute Amazonian», Brasilgo Gobernuari esker.

Bolsonarok Amazoniaren babeserako politikak «era jarraituan desegin» dituela ohartarazi du Marcio Astrini 70 elkarte ekologista baino gehiago biltzen dituen Klimaren Behatokiko idazkari nagusiak. «Munduko oihan tropikalik handiena desagerrarazteko proiektu ankerraren arrakasta da, eta Bolsonaro mundu mailako arrisku klimatikoa bihurtzen du». Ekologistek presidenteari egozten diote oihanaren kontrolerako mekanismoak ezabatzea, eta nekazaritza eta meatzaritza ustiapenerako proiektuak babestea, baita horiek ingurumen nahiz indigenen erreserbetan egiten direnean ere.

Deforestazioari buruzko txostenak urriaren 27ko data du, eta hori ez da datu huts bat. Zientzia eta Teknologia Langile Publikoen Sindikatuak nabarmendu duenez, Brasilgo Gobernuak esku artean zituen Amazoniaren deforestazio kopuruak COP26 hasterako —azaroaren 1ean hasi zen—, baina datuak ezkutatu ditu Glasgowko goi bilera amaitu den arte.

INPE institutuak satelite bidezko argazkiak erabiltzen ditu urtetik urtera Amazonian deforestatu den eremua neurtzeko. Prodes izeneko proiektuaren bitartez egiten du neurketa hori, eta sateliteekin gai dira 6,25 hektarea baino gehiagoko eremuen deforestazioa atzemateko. Datuek erakutsi dute oihanaren suntsiketa Amazoniaren bihotzeraino iritsi dela. Amazoniari Buruzko Zientzialari Taldearen ikerketa batek, berriz, Glasgown aurkeztu zuen txosten batean ondorioztatu du egungo deforestazio erritmoari eutsiz gero Amazonia itzulirik gabeko puntu batera helduko dela 2050. urtea baino lehen, eta egoera horretara iritsiz gero daukan landarediaren %70 galduko lukeela. Aurten argitaratu diren beste ikerketa batzuek nabarmendu dutenez, Amazoniak karbono dioxido biltegi izateari utzi dio. Eremuak xurgatzen duena baino karbono dioxido gehiago isurtzen du atmosferara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.