Larrialdi kimikoetarako sirenak probatuko dituzte datorren astean sei udalerritan

Astelehenetik asteazkenera larrialdi kimikoa iragartzen duten sirenak piztuko dituzte Abanton, Hernanin, Lantaronen, Muskizen, Santurtzin eta Zierbenan.

Petronorrek Muskizen duen findegia. LUIS TEJIDO, EFE
2021eko azaroaren 20a
18:55
Entzun

Enpresa Kimikoen Euskal Elkarteak larrialdietarako sirenak probatuko ditu datorren astean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sei udalerritan. Zehazki, Abanton, Hernanin, Lantaronen, Muskizen, Santurtzin eta Zierbenan piztuko dituzte sirenak, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean.

Jaurlaritzak azaldu duenez, helburua da herritarrek sirenen soinuak ezagutzea, industria kimikoan izan litezkeen isuri toxikoen kasuetan larrialdiaz jabetzeko. Espainiako Seveso araudiak arautzen du protokoloa. Horren arabera, sirenen helburua alerta ahalik eta azkarren ematea da, herritarrak babestu daitezen.

Bi seinale mota joko dituzte sirenek sei udalerri horietan. Lehenengo bat hodei toxiko batez ohartarazteko erabiltzen dena. Gero beste bat, hodei toxikoaren arriskua amaitu dela iragartzeko erabiltzen dena. Lehenengoak agintzen du herritarrek leku itxi batean konfinatu behar dutela, babesteko.

Eusko Jaurlaritzak gaineratu du horrelako kasuetarako larrialdi plan bat duela, giza baliabideak eta materialak koordinatzeko. Istripu bat gertatuz gero, sirenez gain, megafonia bidezko oharrak eta prentsa eta sare sozialen bidezko iragarkiak ere jasotzen ditu plan horrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.