Atletico Madril 1-0 Osasuna

Lana artez, baina saririk ez

Osasuna punturik gabe gelditu da Atletico Madrilen aurka, azken uneko akats baten erruz. Kornerrez jaso du gola, oso sendo aritu ostean.

Jon Moncayola Osasunako jokalaria, hondoa jota, atzean Felipe Atletico Madrilekoa gola ospatzen ari dela, Wanda Metropolitanon. EFE
enaut agirrebengoa
2021eko azaroaren 20a
21:41
Entzun

Hasierako grina, geroko itxaropena, eta bukaerako frustrazioa. Hitz gutxitan, hala labur liteke Osasunak gaur Atletico Madrilen zelaian jokatu eta galdu duen neurketa. Lana zuzen egin du, ausardia eta bizirik irauteko gaitasuna uztartuta. Garaipenetik urrun samar izan da, baina berdinketa ondo lotua izan du ia 90 minutuz; harik eta korner batean hutsa egin, eta esku hutsik gelditu den arte. Santiago Bernabeun ez bezala, nafarren harresiak pitzadura izan du. Bakarra, baina halako zelai batean zigorra jasotzeko nahikoa.

Esperotako hamaikakoa zelairatu du Jagoba Arrasatek: bost jokalari ipini ditu atzeko lerroan, eta aurrean, elkarrekin aritzeko abagunea eman die Chimy Avilari eta Kike Garciari, Real Madrilen aurka bezala. Eskema horrekin primeran moldatu izan da Osasuna, eta gaur ez da gutxiago izan. Nortasun handia erakutsi du hasieratik, eta defentsan lana erruz egiteaz gain, partidaren ekimena hartzeko prest ere agertu da.

Zenbaitetan, gorritxoek atzean sartu dute Atletico, arrain handia balira bezala. Azken metroetan sakontzea falta izan zaie bakarrik. Ez da erraza Atleticoren barrunbeetan sartzea, lehen bezain sendoa ez den arren. Hartara, 34. minutuan urrutitik saiatu da Torro, zartako indartsu batekin; hegan egitera behartu du Oblak.

Etxekoen aukerak ere bakanak izan dira lehen zatian, eta Osasunaren eskuin hegaletik iritsi dira gehienak. Griezmann mehatxua izan da area barruan, eta gertu izan du gola atsedenaren atarian. Llorente barruraino sartu da, Correarekin hormarena eginda, eta Herrerak itsu-itsuan atera behar izan du atepetik Griezmannen errematea oztopatzeko.

Osasuna arnasestuka hasi da aldageletatik bueltan, Atleticok estutu ahala. Txipa aldatu dute Simeoneren mutilek, eta energia handiagoz jokatzeari ekin. Zuzen, zehatz eta azkar mugitu dute baloia, eta ia galdu orduko berreskuratu dute. Dena den, minuturik itogarrienetan ere itxura irmoa eman dute gorritxoek. Eutsi egin diote defentsako egiturari, eta arean nagusitasun handiz jardun dute. Salbuespena, goleko jokaldia izan da, 87. minutuan. Carrascok erdiraketa zitala egin du lehen zutoinera, eta han agertu da Felipe, atzelariei nahiz atezainari aurrea hartuta. Arreta momenturik txarrenean galdu dute iruindarrek.

Saiatu dira iratzartzen, Torresen ezkerkada bat tarteko, baina beranduegi zen jada akatsa konpondu eta ordura arte merezi izandako saria berreskuratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.