Reala 0-0 Valentzia

Lehen postua galdu du Realak

Txuri-urdinek neurketa nahasia jokatu dute Valentziaren aurka, futbol gutxikoa. Azken minutuetan, gainera, erabat zikindu da giroa. Aritzek txartel gorria ikusi du 75. minutuan.

Realeko eta Valentziako jokalariak liskarrean, gaur, Anoetan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Paulo Ostolaza.
2021eko azaroaren 21a
23:26
Entzun

Irabazlerik eta galtzailerik gabeko guda bat. Horixe izan da gaur Anoetan Reala eta Valentzia protagonista izan dituen neurketa. Ostikada asko, bultzakada asko, antzerki asko, eta futbol gutxi. Azkenean, puntu bat talde bakoitzarentzat (0-0); Realari ez dio balio sailkapeneko lehen postua mantentzeko. Real Madril da Espainiako Ligako lider berria.

Valentziak argi utzi du jada barneratu duela Jose Bordalas entrenatzailearen estiloa. Getafeko entrenatzaile ohiaren taldeen ezaugarri nagusiak izaten dira liskarrak, faltak eta joko zuzena. Eta atzo, ezbairik gabe, Bordalasen estilora jokatu zen neurketa, ez Imanolen estilora. Lehen zatian saiatu zen Reala bere estiloa ezartzen, baina Valentziak une oro moztu zituen donostiarren erasoak; askotan, falten bidez.

Lehen zatiko gol aukerarik onenak Isakek eta Merinok izan dituzte etxekoentzat, eta Guedesek bisitarientzat. Seigarren minutuan, jada, lehen liskarra izan dute Isakek eta Foulquierrek; hamabosgarrenean, Januzajek eta Cillessen atezainak. Irudika zitekeen neurketa nola amaituko zen. Atezainak berak geldiketa ikusgarria egin zion gutxi geroago Isaki. Atzean, ordea, ohiko sendotasuna erakutsi zuen Realak.

Bigarren zati nahasia

Bestelakoa izan zen bigarren zatia. Lehen zatian, ezer gutxi sortu zuen arren, Reala izan zen erasoan ibili den taldea. Bigarrenean, parekatu egin ziren indarrak, eta arrisku gehiago sortu zuen Valentziak, nahiz eta aukera argi askorik ez zuen izan. Etxekoentzat albisterik onena aulkitik sartu zen: zelaira itzuli zen Mikel Oiartzabal, azken asteetan jokatzea eragotzi zion lesioa ahaztuta.

75. minutuan, Valentzia ondoen zegoenean, txartel gorria ikusi zuen Aritzek. Bisitarien tranpan erori zen atzelaria: Wassek atzetik bultza zion baloirik ez zuenean, eta hura zangotrabatu zuen Realekoak. Bigarrena soilik zigortu zuen epaileak, eta haserre batean utzi zuen zelaia Aritzek.

Valentziak, jokalari bat gehiagorekin, aurrera beharrean atzera egin zuen, eta, orduan bai, erabat nahasi zen neurketa. Hainbat liskar izan zituzten jokalariek, txartel hori mordoa atera zituen epaileak, eta futbolera ez zen askoz gehiago jokatu, nahiz eta Realak jarrera ausarta erakutsi.

Hurrengo igandean Bartzelonan jokatuko dute txuri-urdinek, sailkapenean 11. den Espanyolen aurka (16:15).

Reala: Remiro; Gorosabel, Aritz, Le Normand, Rico; Merino, Gebara (Zubimendi, 59'), Silva (Turrientes, 83'); Januzaj (Portu, 83'), Barrenetxea (Oiartzabal, 59') eta Isak (Sorloth, 83').

Valentzia: Cillessen; Foulquier, Diakhaby, Alderete, Gaya; Racic (Koindredi, 77'), Wass (Marcos Andre, 88'), Soler, Helder Costa, Hugo Duro (Musah, 76'); eta Guedes (Maxi Gomez, 66').

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.