Txile

Ezkerra eta eskuin muturra igaro dira Txileko presidentetzarako bigarren itzulira

Eskuin muturreko Jose Antonio Kastek irabazi du hauteskundeen lehen itzulia, botoen %28 lortuta; ia hiru puntura geratu da Apruebo Dignidad zerrendako hautagai Gabriel Boric.

Gabriel Boric, ezkerreko presidentegaia, bart Santiagon. ALBERTO VALDES, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko azaroaren 22a
09:31
Entzun

Inkestek iragarritakoa bete da gutxi-asko Txilen. Galdeketek aurreikusten zuten Apruebo Dignidad koalizioko Gabriel Boric eta Alderdi Errepublikanoko Jose Antonio Kast igaroko zirela presidentetzarako bozen bigarren itzulira, eta halaxe gertatu da. Azken egunetan, ordea, uste nagusia zen Boricek aurrea hartuko ziola Kasti, eta hor huts egin dute iragarpenek. Botoen %28 eskuratu ditu eskuin muturreko hautagaiak, eta bi punturen aldea atera dio ezkerrekoari (%25,5). Hala, hautagaietako bakar batek ere botoen erdiak baino gehiago lortu ez dituenez, Kast eta Boric aurrez aurre izango dira bigarrenez abenduaren 19an egingo duten bigarren itzulian.

Kasten eta Boricen garaipenak lehiatik kanpo utzi ditu lehen aldiz zentro-ezkerreko eta eskuineko alderdi tradizionalak. Izan ere, eskuin muturrekotzat daukate gehienek Kast, nahiz eta berak halakorik onartu ez. AEBetako presidente izandako Donald Trump eta Brasilgo estatuburu Jair Bolsonaro diru eredu, eta berak esana da Augusto Pinochet diktadoreak ere bere alde egingo zukeela bizirik balego. Bart gauean, emaitzen berri izan ostean, milaka jarraitzaileren aurrean agertu zen Kast, eta aldarrikatu herrialdeak «bakea eta askatasuna» merezi duela. Kasten proposamenen artean daude «ordena» ezartzea eta migrazioen aurkako neurriak hartzea.

Boricek, berriz, «demokraten batasuna» aldarrikatu zuen: «Ez da lehen aldia atzeko lerrotik abiatzen garela. Gauza bera egin genien hezkuntzaren alde aritu ginenean, berdin bi alderdiko sistema apurtu genuenean ere, eta hala egingo dugu bigarren itzulian». Orain, eta, bigarren itzulirako geratzen den tartean, gainontzeko hautagaiekiko elkarrizketak hasiko ditu Apruebo Digniddad koalizioko zerrendaburuak, haien babesa eskuratzeko asmoz. Horietako bat izan daiteke zentro-ezkerreko koalizioko buru Yasna Provoste, zeinak «faxista eta totalitarioa» izatea leporatu baitio Kasti, eta dagoeneko zoriondu du Boric igandeko emaitzengatik. Prvostek ez du baztertu Boricekin koalizio gobernu bat osatzea ere, hark bigarren itzulian irabaziko balu. Antzera mintzatu da Alderdi Sozialistako presidente Alvaro Elizalde bera ere, zeinak emaitzak jakin bezain laster Boricen alde bozkatzeko deia egin baitie herritarrei.

Txileko presidente Sebastian Piñerak, aldiz, ez du faboritorik aukeratu, eta bi presidentegaiak zoriondu ditu lortutako emaitzengatik. Biei gogorarazi die bakea behar duela herrialdeak, eta eskatu bazter ditzatela «indarkeriazko bideak». Estatuburua bera ez da aurkeztu hauteskundeetara, eta haren hautagaiak, Sebastian Sichelek, botoen %12,5 eskuratu ditu, eta laugarren tokian geratu da. Franco Parisik, berriz, ezustea eman du. Parisik AEBetatik egin du kanpaina, Txilera agertu ere egin gabe; eta, hala ere, boto gehien bildu duten hautagaietan hirugarrena izan da, botoen %13 lortuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.