Hilberria

Noah Gordon idazlea hil da, 'Medikua' eleberriaren egilea

Estatubatuarrak bi aldiz jaso zuen Zilarrezko Euskadi saria: 1992an eta 1995ean. Asko saldu diren hainbat eleberri idatzi ditu.

Noah Gordon Bartzelonan, 2007an, 'Bodega' eleberria aurkezten. ANDREA DALMAU / EFE
2021eko azaroaren 23a
09:30
Entzun

95 urterekin hil da Noah Gordon idazle estatubatuarra, bere etxean: «Noahk duela gutxi ospatu zuen bere 95. urtebetetzea, zoriontsu eta bizi izan duen bizitza luze eta oparoagatik eskertuta», adierazi du haren familiak ohar baten bidez. Gordon nazioarteko eleberrigile ospetsuenetakoa izan da, besteak beste, Medikua, Azken judua eta Xamana eleberriengatik.

Izugarri saldu diren hainbat eleberri idatzi ditu idazleak, eta milioika lagunek irakurri dituzte haren lanak mundu osoan, baita Euskal Herrian ere. Horregatik, bi aldiz jaso zuen Gipuzkoako Liburu Denden Elkarteak urtero ematen duen Zilarrezko Euskadi saria, 1992an eta 1995ean. 2007an ere Bilbon izan zen, Bodega eleberria aurkezten. XIX. mendearen amaierako Katalunian girotutako lan hura izan zen argitaratu zuen azkena.

Idazle izan aurretik, kazetaria izan zen Gordon. Bere lehen eleberria, Errabino (AEBetan arrakasta izan zuen bakarra), 1965ean argitaratu zuen, baina benetan ospetsu 1986tik aurrera bilakatu zen, Medikua liburua argitaratu zuenean. Hari jarraitu zioten trilogia osatu zuten beste bi eleberriek: Xamana eta Cole Doktorea.

Nagusiki bere herrialdetik kanpo irakurri ziren Gordonen lanak. Horren erakusgarri da 2013an plazaratutako Medikua filma Alemaniako etxe batek produzitu zuela, eta Europako publikoari zuzenduta sortu zutela ia erabat. Espainian, izen bereko musikal bat ere estreinatu zuten, 2018an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.