Jaurlaritzak osasun larrialdia berrezartzea aztertuko du ZIUetako presioak gora eginez gero

Gehienezko muga bat ezarri dute: 50 kutsatu ZIUetan. Langa hori igaroz gero aztertuko dute pandemiaren legea baliatuta neurriak zorroztea. Izurritearen bilakaera okerrera egiten ari dela ohartarazi du Sagarduik.

Gotzone Sagardui sailburua agerraldi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko azaroaren 23a
12:54
Entzun

Egoera larria dela nabarmendu du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik: «Ez goaz ondo; hau geldiarazi beharra dago». Pandemiaren eboluzioa neurtzeko datuak gero eta ilunagoak direla ikusita, Jaurlaritza neurriak hartzeko prest izanen dela argitu du. Erietxeei erreparatuko diete horretarako: ZIUetako presiok gora eginez gero, osasun larrialdia berriz ezartzea aztertuko dute.

Zehazki, Sagarduiren esanetan, Osakidetzaren ardurapeko ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan COVID-19ak jotako 50 gaixo baino gehiago baldin badira emanen dute pausoa: orduan aztertuko dute osasun larrialdia berriz ezartzea. Gaur egun, 31 gaixo dira ZIUetan ospitaleraturik. Diagnostiko zehatzagoa aurkezte aldera, izurriteari buruzko beste datu batzuk ere plazaratu ditu Osasun Sailak: atzo 785 kasu positibo atzeman ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; igandean baino 97 gehiago, alegia.

Hain zuzen ere, pandemiari kontra egin ahal izateko erreminta juridikoen premia dagoela azpimarratu du Sagarduik. Iritzi dio autonomia erkidegoek oraintxe bertan dituzten tresnak ez direla aski izurria gehiago ez hedatzeko. Hain justu, epaileen ezezkoa jaso zuen atzo Eusko Jaurlaritzak, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota baitu COVID ziurtagiria ezarri ahal izateko Jaurlaritzak eginiko eskaria. Ordea, helegiterik ez aurkeztea erabaki dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.