Groenlandia

Sei inuitek Danimarkako Estatua salatuko dute, euren familia, hizkuntza eta kultura lapurtzeagatik

1951. urtean Groenlandiako 22 inuit euren familietatik eraman zituzten, «danimarkar txiki» gisa hezteko. Horietatik bizirik jarraitzen dutenek konpentsazioa eskatu dute.

Inuiten inguruko erakusketa bateko agazki bat. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Edu Lartzanguren.
2021eko azaroaren 23a
17:13
Entzun

Danimarkak esperimentu sozial bat egin zuen 1951. urtean: Groenlandiako koloniako 22 ume kendu zizkieten euren familiei, hamahiru mutil, eta bederatzi neska, eta Danimarkara eraman zituzten, han adopta eta hez zitzaten. Irakasle eta apaizei eskatu zieten zerrenda egiteko, «berriz hezteko» moduko umeak aukeratuta.

6 eta 8 urte arteko haurrak aukeratu zituzten, familia pobrekoak, alargundutako ama gazteen seme-alabak, esaterako. Gurasoak estutu egin zituzten, besteak beste, haurrek Danimarkan bizimodu hobea izango zutela esanda. Esperimentuaren helburua honako hau zen: haur inuitak «danimarkar txiki» bihurtzea. Planaren arabera, gazteak, danimarkartu ostean, Groenlandiara itzuliko zituzten, besteentzat eredu izan zitezen.

Orain, 22 haietatik bizirik jarraitzen duten seik salaketa jarriko diote Danimarkako Estatuari, iragarri dutenez, eta konpentsazioa eskatuko diote, euren haurtzaroa, familiekiko harremana, hizkuntza eta kultura lapurtu zizkietela argudiatuta. Horietako batzuek ez zituzten berriz ikusi euren senideak, eta batek behintzat ez zuen jakin familiatik erauzi egin zutela 52 urte bete zituen arte.

Haurren erdiak hil egin ziren heldu bihurtu aurretik. Horietako batzuk Groenlandiara itzuli zituzten urtebeteko epean, baina, familiei itzuli beharrean, Nuuk hiriko umezurztegi batean sartu zituzten. Beste batzuek bizitza osoa pasatu zuten Danimarkan.

«Familia galdu zuten, hizkuntza, kultura eta inuitak izatearen sentimendua», esan du salaketa jarri dutenen abokatu Mads Prammingek, Danimarkako Politiken egunkarian. Konpentsazio gisa, 33.600 euro eskatzen dio bakoitzak Danimarkako Estatuari.

«Bizitza pribatu eta familiako bizitza edukitzeko eskubidea bortxatu zieten», esan du Prammingek, eta gogoratu du eskubide hori jasotzen duela Europako Giza Eskubideen Konbentzioak. Bi asteko epea eman dio abokatuak Danimarkako Lehen ministroaren bulegoari erantzuteko, bestela salaketa jarriko duela.

Kopenhagek ez du mezu ofizialik plazaratu salaketaren inguruan.

Barkamen eskea

Danimarkako Gobernuari barkamena eskatzeko galdegin zion Groenlandiako gobernu autonomoko lehen ministro Kuupik Kleistek, 2009an. Baina Lars Lokke Rasmussen Kopenhageko gobernuburuak ez zuen barkamenik eskatu, eta esperimentu hura «zoritxarrekoa» izan zela adierazi zuen, besterik gabe. Geroztik gatazka iturria izan da barkamenaren gaia bi gobernuen artean.

Iazko abenduan, Danimarkako Lehen ministro Mette Frederiksenek barkamen eskea egin zuen azkenean. «Ezin dugu aldatu gertatu zena. Baina ardura geure gain hartu eta barkamena eska diezaiekegu, zaindu behar genituelako, baina huts egin genielako».

Inuitak dira Groenlandiako jatorrizko biztanleak. Gaur ere, Groenlandiako ia 58.000 biztanleen %89 inuitak dira.

Danimarkak kolonia gisa gobernatu zuen Groenlandia 1814, urtetik 1953ra, hau da, zuzenean Kopenhagetik, baina hango herritarrei danimarkar naziotasuna onartu gabe. 1979. urtean, autonomia bihurtzearen alde bozkatu zuten groenlandiarrek, eta badago independentziaren aldeko mugimendu indartsua. Aurtengo apirilean eginiko bozetan, independentistek botoen %80 eskuratu zituzten, eta IA Inuit Ataqatigiit (Inuit Komunitatea) alderdi sozialista eta ekologistak lortu zuen boto gehien.

Kanadan eta Australian

Groenlandiako inuitei eginikoen antzeko salaketak plazara atera dira azken hilabeteotan kolonialismoa pairatu duten munduko hainbat bazterretan.

Aurtengo udan erregistratu gabeko 751 hilobi aurkitu zituzten Marieval barnetegia izandakoaren inguruan, Kanadako Saskatchewan eskualdean. 1889. eta 1997. urteen artean erabili zen eraikina barnetegi moduan. Erakunde erlijiosoen eskumenekoa izan zen. Indigenek salatu dutenez, haurrak bortxaz eramaten zituzten euren komunitateetatik. Elizak basatitzat zituen haurrak fede kristauan hezi nahi zituen.

Kalkuluen arabera, 1863. eta 1998. urteen artean, 150.000 adingabe indigena baino gehiago sartu zituzten ikastetxe horietan. Tratu txarrak eta askotariko gehiegikeriak izaten zirela salatu izan dute komunitate indigenek, eta 2015ean Kanadako Gobernuak publikatutako ikerketa batek «genozidio kulturaltzat» hartu zuen barnetegietan eginikoa. Zenbait adituren arabera, 6.000 inguru haur hil ziren horietan.

Australiako Legebiltzar Federalak, berriz, 2008ko otsailean eskatu zien barkamena herri aborigenei, «batez ere, Lapurturiko Belaunaldietakoei, emaniko tratu txarrarengatik», eta herrialdearen historiako «atal lotsagarri» gisa deskribatu zuen eginikoa.

Han ere, antzekoa izan zen kontua: aborigenen familietatik erauzi zituzten haurrak 1905tik 1970ko hamarkadara arte, eta Elizaren misioetara edo estatuaren eskoletara bidali zituzten. Kalkulu ofizialen arabera, hainbat lekutan haur indigenen %10 eta %30 artean behartu zituzten familietatik urruntzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.