2016ko estatu kolpea

Estrasburgok Turkia zigortu du 417 epaile eta fiskal atxilotzeagatik

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak 5.000 euroren kalte ordainak agindu ditu, akusatuen «segurtasuna eta askatasuna» urratzeagatik.

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea, artxiboko irudi batean. EFE
2021eko azaroaren 23a
18:42
Entzun

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Turkia zigortu du, 2016ko uztaileko estatu kolpe saiakeraren harira atxiloturiko 417 epaileren eta fiskalen «segurtasuna eta askatasuna» urratzeagatik. Estrasburgoren sententziaren arabera, Ankarak 5.000 euroren kalte ordainak ordaindu beharko dizkie legelari horiei; alegia, denera bi milioi euro pasatxo gastatu beharko ditu horretan.

Atxiloketen unean, salaketa aurkeztu zuten 417ek Kasazio Auzitegiko, Goreneko edota lehen instantziako auzitegi bateko epaile eta fiskal karguak zituzten, eta Fethullah Gulen predikatzaile islamistarekin harremanak zituztelakoan hartu zituzten atxilo —Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak hainbatetan egotzi dio Guleni estatu-kolpe saiakeraren atzean egotea—; salatzaileen arabera, behar adina arrazoirik gabe eta legeak urratuta. Iritzi bera helarazi du Estrasburgoko auzitegiak ere, «legez kanpoko atxiloaldi prebentiboan» izan zituztela ebatzita.

Estatu-kolpe saiakeraz geroztik, Turkian 130.000 lagun baino gehiago kaleratu dituzte beren lanpostuetatik, eta 100.000 inguru atxilotu; iragan abenduan, esaterako, 333 militar eta lau zibil zigortu zituzten bizi guztiko espetxealdira, 2016ko uztaileko gertakariekin zerikusia izan zutela argudiatuta.

Hain justu, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebazpenaren berri eman eta gutxira, Izmir probintziako fiskaltzak 112 susmagarri atxilotzeko agindu ditu, eta, Ankarakoak, beste 101 atxilotzeko —lerro hauek idazterako, 130 bat lagun atzeman ditu Poliziak—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.