Osasun Publikorako Batzordeak onetsi egin du 60 urtetik gorakoei hirugarren dosia jartzea

Osasun langileei eta langile soziosanitarioei ere jarri nahi diete babesa indartzeko dosia. Lurralde Arteko Osasun Kontseiluak berretsi beharko du erabakia.

Emakume bat Pfizerren txertoa hartzen, Zarautzen, artxiboko irudian. GORKA RUBIO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2021eko azaroaren 23a
19:30
Entzun

Osasun Publikorako Batzordeak defendatu du COVID-19aren aurkako txertoaren hirugarren dosia jartzea 60 urtetik gorakoei, osasun langileei eta langile soziosanitarioei. Carolina Darias Espainiako Gobernuko Osasun ministroak jakinarazi duenez, Pfizerren txertoa jarri asmo diete. Erabakia ez da behin betikoa, eta Lurralde Arteko Osasun Kontseiluak berretsi beharko du.

Beste gai bat ere landu dute batzordean: 23:00etatik aurrera ostalaritzaren barrualdeak ixtea azken hamalau egunetako intzidentzia metatua 100.000 biztanleko ehun kasutik gorakoa bada eta ospitaleetako presioa handitzen bada. Ez dute horren inguruko irizpiderik eman. Gainera, aldatu egin dute arrisku maila zehazteko semaforoa: «arrisku baxua» egongo da 100.000 biztanleko intzidentzia 50 eta 100 kasu bitartekoa denean —orain arte 25 eta 50 bitartekoa zenean zegoen arrisku maila hori—; «arrisku ertaina» 100 eta 300 bitartekoa denean —50 eta 150 bitartekoan zegoen orain arte—; «altua» 300etik 500era artekoa denean —orain arte 150 eta 250 artekoa zenean zegoen arrisku maila hori— eta «oso altua» 500etik gorakoa denean.

Dariasi osasun ziurtagiriaz ere galdetu diote. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zenbait jardueratan eskatzeko baimena eskatu zion Eusko Jaurlaritzak EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari, baina epaileek ez zuten onartu. Dariasen irudiko, Jaurlaritzak jarraitu beharreko bidea argia da: Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea jartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.