Kolonbiako bake akordioa

Gerrillari ohien hilketak gaitzetsi ditu NBEko idazkari nagusiak

FARCen eta Kolonbiako Gobernuaren arteko bake akordioek bost urte betetzen dituzten egunean, Antioquian izan da Guterres. AEBek iragarri dute «terroristen zerrendatik» kenduko dutela gerrilla.

NBEko idazkari nagusi Antonio Guterres eta Kolonbiako presidente Ivan Duque, Apartadon, Kolonbian. MAURICIO DUEñAS CASTAñEDA, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko azaroaren 24a
10:50
Entzun

2016ko azaroaren 24an sinatu zuten FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileetako buru Rodrigo Londoño Timochenko-k eta Juan Manuel Santos presidenteak 50 urteko gatazka amaitu zuen hitzarmena. Gaur betetzen dira bost urte sinatze hartatik, eta urteurreneko ekitaldietan izan da NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterres, Kolonbiako presidente Ivan Duque eta Comunes alderdiko —garai batean FARC— buru Londoño bera. Guterresek gerrillari ohien eta buruzagi sozialen hilketak gaitzetsi ditu, estatuburuarekin eta gerrillari ohiarekin batera egindako agerraldian —bost urteotan FARCeko kide izandako 296 pertsona hil dituzte, eta 1.280 buruzagi sozial—. Antiokian izan da NBEko idazkari nagusia, akordioen aurretik FARCen kanpamentu izandakoetako batean, eta gerora desmilitarizatutako gerrillarientzat babesgune bilakatutakoan.

Guterresek ohartarazi du bakeak beti dituela etsaiak, eta txalotu egin du prozesuaren alde egindako ahalegina: «Zentzu berezia du gune honek. Gatazkaren ondorioak urte askoan bizi ostean, bertako jendeak ahalegin berezia egiten du orain euren familiak aurrera ateratzeko. Badakite adiskidetzea dela bake iraunkor baterako bide bakarra».

Adiskidetu beharra nabarmendu du Londoñok berak ere. Haren esanetan, estigmatizazioa oztopo bat da aurrera egiteko. «Adiskidetzen ez bagara, arazo asko izango ditugu prozesu honetan». Timochenko bera izan zen 2016an hitzarmena sinatu zuen buruzagia, eta haren ostean beste milaka gerrillarik onartu zituzten itunean jasotako puntuak; 2018an utzi zituzten armak eta desegin zuten taldea, eta jarraian abiatu ziren horiek guztiak gizarteratzeko proiektuak. Urte berean, FARCeko buruzagik zortzi eserleku hartu zituzten Kolonbiako Kongresuan, borroka armatutik politikarako jauzia eginez.

Bost urteotan, espero baino urrats gutxiago egin dira prozesuan, eta askok Duquek gidatzen duen gobernuari egozten diote moteltze hori, hura izan baitzen Alvaro Uribe presidentearekin batera akordioen aurka gogorren egin zuten buruzagietako bat. Estatuburuak, ordea, orain arte emandako pausoak goretsi ditu Guterresekin egindako agerraldian. Haren esanetan, Lurralde Garapenerako Egitasmoak izan dira hitzarmeneko puntu nagusietako bat; horiek helburu dute gatazkak gogorren jotako eskualdeetako azpiegiturak hobetzea.

Bestalde, AEBek ere urratsa egin zuten bart, FARC gerrilla «terroristen zerrendatik» aterako dutela iragarriz. Erabakia atzo jakinarazi zion Joe Biden presidenteak Kongresuari, eta orain berretsi egin behar du hark. Washingtonek 1997an sartu zuren zerrenda beltzean gerrilla, eta, ondorioz, kideei debekatu egin zieten herrialdera sartzea, baita AEBetan zituzten jabetzak blokeatu ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.