Nafarroako Gobernuak COVID ziurtagiria arautzeko foru agindua aurkeztu dio justiziari

Javier Remirez Nafarroako Gobernuko bozeramaileak espero du Nafarroako Auzitegi Nagusiak eskaera babestea. «Ez dugu B planik», erantsi du.

COVID ziurtagiri digitala. GORKA RUBIO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2021eko azaroaren 24a
11:50
Entzun

Nafarroako Gobernuak egin du lehen urratsa COVID pasaportea lurraldean ezartzeko, eta gaur bertan igorri dio Nafarroako Auzitegi Nagusiari neurria arautzeko foru agindua, Javier Remirez gobernuko bozeramaileak jakinarazi duenez. Remirezek esan du espero dutela justiziak ziurtagiria ezartzeko baimena ematea, eta baikorra dela: «Pandemiaren hasieratik auzitegiarekin izan dugun esperientzia positiboa izan da, oreka bat lortu dugu, eta uste dugu oraingoan ere hala izango dela eta baimena emango digula». Gobernuko eleduna ziur da neurri hori «egokia eta proportzionala» dela.

Auzitegiak baimena emanez gero, Nafarroako Gobernuaren nahia da larunbat honetan bertan ziurtagiria ezartzea; urtarrilaren 6ra arte indarrean egotea aurreikusi du. 50 pertsona baino gehiagorako edukiera duten jatetxeetan, gaueko aisialdian –besteak beste, diskoteketan eta dantzalekuetan–, eta baita barnealdeko ekitaldi jendetsuetan ere eskatu nahi dute, horietan jateko edo edateko aukera baldin badago, betiere.

COVID ziurtagiria nola eta nork eskatuko duen galdetuta, Remirezek esan du aipatutako establezimenduetako eta ekitaldietako arduradunen esku egongo dela horren ardura, eta Poliziak ere «ausaz» egingo dituela kontrolak.

Nafarroako Justizia Auzitegiak ezezkoa emanez gero, gobernuak ez du aurreikusita bestelako neurri murriztailerik hartzea. «Ez dugu B planik», esan du Remirezek. «Baimena ematen badu, ongi, eta bestela ere, ongi». Oraingoz ez, baina egoeraren arabera aztertuko du gobernuak neurri berriak ezarri behar dituen ala ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.