Bildarratzek gurasoei eskatu die «arduratsu» jokatzeko eskolaz kanpoko jardueretan ere

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak zirkular bat bidaliko die gaur bertan ikastetxe guztiei, koronabirusari aurre egiteko gomendio batzuekin.

Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua. ENDIKA PORTILLO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2021eko azaroaren 24a
12:42
Entzun

Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua Radio Euskadin elkarrizketatu dute gaur goizean, eta hizpide izan du, besteak beste, COVID-19aren izurria ikastetxeetan izaten ari den eragina. Hezkuntza sailburua kezkatuta dago egoerarekin, baina datuak testuinguruan jarri ditu, eta azpimarratu du «kualitatiboki eta kuantitatiboki» duela urtebete baino egoera hobea dela egungoa. Izan ere, orain 109 ikasgela daude itxita Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ikasgela guztien %0,6 baino ez. «Bestela esanda, 17.300 ikasgela baino gehiago irekita daude, hau da, gelen %99,4 irekita daude», zehaztu du. Hala eta guztiz ere, jakinarazi duenez, Hezkuntza Sailak zirkular bat bidaliko die gaur bertan ikastetxe guztiei gomendio batzuekin: besteak beste, koronabirusaren aurrean arreta ez arintzeko eskatuko die, «ikastetxeek gune seguruak izaten jarrai dezaten». Halaber, Bildarratzek gurasoei eskatu die ikastetxeetatik kanpo ere «eskoletan bezain arduratsu» izan daitezela, eta ez lasaitzeko gomendatu die; besteak beste, bilkurarik eta urtebetetze festarik ez egiteko eskatu die.

Bide horretan, Hezkuntza sailburuak adierazi du espero duela EMA Sendagaien Europako Agentziak 12 urtetik beherakoei txertoa jartzeko baimena ematea, txerto horri esker «jauzi kualitatibo eta kuantitatibo handia» eman ahal izango delako. Txertoa jartzeko deia egin die adingabe horien gurasoei, seme-alabak txertatu ditzaten, eta baita 20 eta 29 urte bitarteko ikasleei ere. «Zuhurrena txertoa hartzea da: egunero ari gara adibideak ikusten. Arazo asko ari dira izaten txertoa hartu ez duten pertsonak. Ospitalean amaitzeko lau aldiz arrisku handiagoa dute», azaldu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.