Albistea entzun

Literatura

'Krakovia' argitaratu du Goizalde Landabaso-Etxeberrik

Ereinekin plazaratu du bere estreinako eleberria. Izterreko zauri sakon bat sendatu bitartean erietxean den pertsonaia bat jarri du ardatzean, eta umore beltzez girotu.

Goizalde Landabaso-Etxeberri, gaur goizean, Donostiako Parte Zaharrean.
Goizalde Landabaso-Etxeberri, gaur goizean, Donostiako Parte Zaharrean. Jagoba Manterola / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Itziar Ugarte Irizar -

2021eko azaroak 24 09:22

Igandea da, baina izan zitekeen beste edozein egun. Badira gizakia bataren edo bestearen erritmotik gabetzen duten lekuak. «Ezlekuak», Goizalde Landabaso-Etxeberriren (Bilbo, 1970) hitzetan. Horietako batean jarri du fokua bere estreinako eleberrian idazleak, Krakovia-n. Ospitalean agertuko da protagonista, 15 metro koadroko gela batean, oso ongi ulertu ezinik nola heldu den horra, zer egin behar lukeen orain. Handik hautemango du mundua; aurrera doan mundua baina beretzat gelditu egin dena, «izoztu». Jasoko ditu gertukoen bisitak, eramango dizkiote jaki goxoak, loreak, baina bakarrik sentituko da hala ere, eta «espero gabeko aliatuak» topatuko ditu orduan. «Ataka horretan aurrera egingo du, eta humanoago ere uste dut egingo duela egonaldiak. Leku oso ona da hura ikusteko zer den mundua benetan, eta zer den gizakia. Gure bizitza bizkor hauetan, askotan, ez dugu ikusten zer gertatzen ari den eta zein gauza gutxi garen; zer zaurgarri eta zenbat behar dugun bestea, bizirauteko», aurreratu du egileak. «Bakarrik sartuko da [ospitalean], eta kolektiboaren jabe egingo da».

Duela hamar urte Landabasori berari gertatutako pasadizo bat du oinarrian eleberriko istorioak. «Kostatu zitzaidan gertatutakoaren digestioa egitea», onartu du; «hamar urte behar izan ditut hau dena ordenatzeko». Kontatzeko, berriz, «unibertso paralelo bat» eraiki duela aipatu du, zeinetan berari pasatu zitzaizkionak eta ez zitzaizkionak gurutzatu dituen, berak hartu zituen zenbait erabaki, baina baita hartu ez zituenak ere. «Oso biluzik agertzen den pertsonaia bat da; biluzik agertzen dena bere beldurretan, bere minetan, bere itxaropenetan; bere identitatean, azkenean».

Bere orduko portaeraren aurrean, adore handiagoa antzematen du orain pertsonaiarengan: «Esango nuke protagonista ni baino ausartagoa izan dela, baina denboraren eta literaturaren ahalbideek ere errazten dute ausardia hori sortzea».

Emakumezkoa da pertsonaia zentral hori —hark kontatzen du lehen pertsonan istorioa—, idazlearen adin bueltakoa, autorearen lanbide berekoa —kazetaria da ofizioz Landabaso—, eta idatzi ere egiten duena. Izterrean hamabost zentimetro luze eta lau zentimetro sakon dituen zauri batekin helduko da ospitalera, eta, horren «krak-az» jabeturik, protagonistaren barne solasaren bidez soilik ez, haren gorputzaren bitartez ere saiatu da kontatzen Landabaso: «Saiatu naiz gorputzak ere kontatu dezan berak pairatutako errealitatea. Uste dut min hori ere ikusi eta sentitu daitekeela testuan; hori izan da asmoa».

Izan ere, oinazea protagonistarekin partekatzen duen zerbait dela uste du idazleak. Berak nozitu zuen mina «kontzienteki ahaztuta» daukan arren, badaki mina hor egon zela: «Badut orban zabal bat gogorarazten didana».

Azpimarratu egin du min hori esplizitatzeko gogoa izan duela testuan, unean bertan hitzetara nekez ekarri ohi den alderdi bat delakoan: «Bisitan datorrenak ez du ikusten ospitalearen backstage-ean dagoen dena. Badirudi ospitaleko beharginen eta hor daudenen arteko sekretu bat bihurtzen dela mina. Liburuko protagonistak ere ez die duen mina adierazten bisitan joaten zaizkionei, eta haiek ere ez dute ikusten mina pairatzen, baina pairatzen du, izugarria. Haragi bizian dagoen zauri bat du, besteak beste, garbitu egin behar dena, eta garbiketak sufrikarioa dira».

«Beldurraren kortesiaz»

Nolanahi ere, oinazea eta noraeza erakusteko, umorera jo nahi izan du idazleak, eta horixe azpimarratu du Inazio Mujika Ereineko editoreak ere, hori delakoan liburuaren ezaugarri nabarmenetako bat: «Halakoetan, askotan esaten da: ‘Umorea dago, baina txisterik ez’. Ba liburu honetan bai, txisteak ere badaude». Horrek batzuetan irribarreak, besteetan barreak eragingo dizkio irakurleari, haren ustetan, baita ezinegona ere. «Petralkeria guztien gainetik, elkartasunaren beharra ikusaraziko du».

Gogora ekarri du, halaber, elkarrekin aurkeztu zuten eta Landabasoren aurreneko liburua izan zen Korte bat, mesedez (2000) lanean ere bazela umorerik. Tonu hura «abandonatua» zuela esan du, aldiz, idazleak, eta modu kontzientean berreskuratu nahi izan duela oraingoan: «Iruditzen zait bide oso ona dela gauza batzuk bestela kontatzeko; baimendu egiten zaiolako beste genero batzuek dituzten mugak pasatzea. Umore beltza erabili dut, horrek irensgarriago egiten dituelakoan pertsonaiak bizi behar dituenak».

Boris Vianek «beldurraren kortesiatzat» definitu zuen umorea, eta bere egin du ideia Landabasok, eleberriaren sakonean beldur asko ere badagoela erantsiz. Horien artean gailen, heriotzarekiko izua. «Hor dagoen zerbait da, airean. Beharbada urte askorekin hurbil ikusten duzu, baina gehiegi ere ez dituzunean, ez duzu pentsatzen hainbeste. Aldiz, hainbat egunez izoztuta zaudenean, isiltasunean, denbora asko daukazu, eta heriotzaz ere pentsatzen duzu. Protagonistari askotan pasatzen zaio lotara doala eta ez dakiela hurrengo goizik egongo den». Liburutik irakurri du: «Bero egiten du hor kanpoan, eta leihoa zabalik utzi du. Herioa heldu behar bada, sar dadila kristala apurtu barik».

Jaione Dagdrommerrek egin dio azala liburuari, eta izenburuari dagokiona albait irekien utzi du idazleak: «Bakarrik esango dut helduleku bat dela ospitalean den horrentzat».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

1 ©MARISOL RAMIREZ / @FOKU

Berriro ere topagunea da

Ainhoa Sarasola

Iazko etenaren ondotik, aurrez aurrekoa izatera itzuli da Durangoko Azoka, eta, edukiera mugarekin, jendez bete da berriro ere Landako Gunea. Txandaka joan dira sartzen bisitariak, pilaketarik gabe

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Nahikoa lan izan dugu atzerakadari eusten»

Iñigo Astiz

Loiola, festara etorri, eta kulturak harrapatu zuen bere lehen Durangoko Azokan, eta Del Campo sormenerantz bultzatu du pandemiak. Landakon ezagutu dute elkar.

Myriam Miranda, Igor Muniategi, Amaia Ozerin eta Maite Bidarte, atzo, Landako guneko areto nagusian. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Bidea urratzeko lanabesak

Andoni Imaz

Sortzaileei euren jardunean laguntzeko zenbait tresna azaldu dituzte mahai inguru batean: egile eskubideei, kontratazioari eta zabalkundeari buruzko argibideak eman dituzte

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.