EAJ

EAJk 'Abian, zurekin' lelopean eginen du VIII. Batzar Nagusia

Larunbatean eta igandean eginen dute, Barakaldoko BECen. «Entzuketa aktiboa» eta EAJrekin harremanetan jartzeko «modu berri bat» aurkeztuko dituzte larunbat arratsaldean. Mireia Zarate EBBko idazkariak adierazi du osasun neurri «guztiak» errespetatuko dituztela.

EAJk 2016an egin zuen azken Batzar Nagusia, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2021eko azaroaren 24a
17:40
Entzun

EAJk heldu den asteburuan eginen du bere VIII. Batzar Nagusia, Barakaldoko BECen (Bizkaia). Abian, zurekin leloa jarri diote «zazpi herrialdeetatik etorritako 600 bat ordezkari» bilduko dituen bilkurari, jeltzaleek adierazi nahi baitute «Euskadi zutik eta martxan» dagoela, eta baita EAJ bera ere. Elkartzeko eta militantziarekin eta gizartearekin eztabaidatzeko baliatu nahi dute larunbateko eta igandeko parada, halaber. Mireia Zarate EBB Euskadi Buru Batzarreko idazkariak jakinarazi duenez, izan ere, bi egitasmo berri aurkeztuko dituzte larunbat arratsaldean: «entzuketa aktiboa» eta EAJrekin harremanetan jartzeko «modu berri bat». Zaratek nabarmendu duenez, «gizarte osoarekin konektatu, komunikatu eta kolaboratzea» dute xedea «izen propioa» eta «nortasun korporatiboa» izanen duten egitasmo horien bidez: «Berriro ere konektatu nahi dugu gizartearekin, gure ibilbidea definitzeko eta jarduera politikoa diseinatzeko».

09:30ean hasiko dute batzarra, larunbatean, baina, aitzineko urteetan ez bezala, EAJk ez du txosten politikorik aurkeztuko. «Barne eztabaida» eginen dute, halere, eta diagnostiko bat aurkeztuko: «Agiri hori izango da abiapuntua. Oinarria sendo eta landua eramango du EAJk, herritarrek eurek hobetzeko», erran du Zaratek. 16:30ean aurkeztuko dituzte egitasmo berriak, ondoren.

Igandean, berriz, ekitaldi politikoa eginen dute: Andoni Ortuzar EBBko presidenteak eta Egi gazte erakundeko kide batek hartuko dute hitza, eta Zaratek aitzinatu du gazteek «zeregin esanguratsua» izanen dutela. EAJko militante eta «lagunei» egin diete bi eguneko batzarrera joateko deia: «BECeko ateak eta EAJrenak zabal-zabalik egongo dira topaketa honetan gurekin egon nahi dutenentzat. Zain izango gaituzue, segurtasun neurri guztiak betez eta ilusioz beterik». Idazkariak jakinarazi du osasun protokolo «guztiak» beteko dituztela bilkuran.

Batzar «atipikoa»

EAJk 2020ko uztailean egin behar zuen VIII. Batzar Nagusia, baina bi aldiz gibelatu behar izan du: lehenbizikoz, Eusko Legebiltzarreko hauteskundeengatik, eta, bigarrenez, pandemiagatik. Zaratek erran du «atipikoa» izanen dela aurtengoa, hala. Izan ere, jadanik hautatuak dituzte EAJko kargu nagusiak diren EBBko presidentea eta bertze zortzi «burukideak». 2020ko abenduan egin zituzten kargu aldaketa eta berrespenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.