Arrazakeria

Erruduntzat jo dituzte Georgian kirola egiten ari zen afro-amerikar bat hil zuten hiru gizonezko zuriak

«Susmagarri» itxura hartu eta hari jarraika ibili eta gero hil zuten. Bermerako eskubiderik gabeko bizi guztiko zigorra jar diezaiekete hiru hiltzaileei.

Ahmaud Arberyren aldeko aldarri bat, haren hilketa salatzeko protesta batean. ERIK S. LESSER
Nagore Arin.
2021eko azaroaren 25a
11:28
Entzun

Georgian gertatu zen ezbeharra, joan den urtean. Urtebete igarota, epaimahaiak erruduntzat jo ditu Ahmaud Arbery afro-amerikarra hil zuten hiru gizonezko zuriak. Kirola egiten ari zela hil zuten Arbery: «susmagarri» itxura hartu, eta, argudio hori erabilita, hari jarraika ibili eta beren kabuz atxilotzen saiatu eta gero.

Hiltzaileen esanetan, Arbery lapur bat zela uste zuten, eta justizia «gizartearen edota herritarren gain hartuta» hil zuten –beraien gain hartuta, kasu honetan–. Orain, epaimahaiaren irizpenaren ondoren, bermerako eskubiderik gabeko bizi guztiko zigorra jar diezaiekete –11 zuri eta afro-amerikar bakar bat izan dira epaiaren ebazpena erabakitzen, eta 11 orduz eztabaidatu zuten–.

Izugarrizko oihartzuna izan zuen auziak, eta jende askoren gaitzespena jaso zuen. Lau haizeetara zabaldu zen; izan ere, korrika egitera atera zen gizonezko bat hil zuten. Zergatik, eta afro-amerikarra izateagatik, Gregory McMichael, haren seme Travis eta haien bizilagun William Roddie Bryan auzokideek «susmagarri» itxura zuela iritzi ziotelako. Gainera, hilketa bera bideoan jasota gelditu zen, eta, bideo hori zabaldu ahala, jendeak are gehiago salatu zuen jazoera.

Hilketa zibila

Herritarrek eginiko hilketa, herritarrek beren gain hartutako edo haien gain utzitako hilketa, herritar gisa egindako hilketa... Kontzeptu horiek erabili dituzte Ahmaud Arbery afro-amerikarraren hiltzaileek egin zutena sostengatzeko. Kontzeptu abstraktu samarra da, baina, finean, Arbery lapur bat zela susmatzen zutelako eta «jarrera susmagarri samarra» zuelako hil zutela sostengatzeko bide gisa erabili dute; hots, susmo horiek zituztelako soilik hil zutela justifikatzeko.

Atxiloketa zibil gisa ere izendatu izan da kontzeptu hori. 1863. urtean onartutako lege bat du oinarri. Lege horrekin, aukera ematen zaie herritarrei «zentzuz susmagarriak diren» gizabanakoak atxilotzeko. Esklabotzaren gainbehera betean sortu zen araua, beren menpe zituzten esklaboak hegoaldetik ihes egin ez zezaten. Gerora, beltzenganako erasoak leuntzeko edota justifikatzeko erabili izan da. Georgiako gobernadoreak, Brian Kemp errepublikanoak, Arbery hil ondoren indargabetu zuen lege hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.