Sindikatuak

Mitxel Lakuntza: «ELA okerren daudenen esanetara jartzea da gure helburua»

Sindikatuko idazkari nagusi berretsi dute, bozen %90,69rekin. Euskal errepublikaren beharra defendatu du, eta konfrontazioaren beharra: «Guretzat, ez da hitz zakarra»

Mitxel Lakuntza, asteazkenean, ELAren kongresuaren lehen egunean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko azaroaren 25a
13:08
Entzun

ELAko delegatuek Mitxel Lakuntza (Iruñea, 1976) berretsi dute idazkari nagusi kargurako. 2019an hartu zuen sindikatuko lema, eta beste lau urtez jarraituko du karguan. Gehiengo handiz berritu du kargua, batzorde eragile osoarekin batera, bozen %90,69 jaso baitute. Aldeko 624 boto izan dira, aurkako 42, eta hamazazpi zuri.

Bere lehen hitzaldian euskal errepublikaren aldarria egin du, eta sindikatuak ezin duela konfrontazioa baztertu nabarmendu du: «Gure hiztegian oso presente dago eta ez du konnotazio negatiborik. Grebak ez dira beste garai bateko gauza bat».

Lakuntzak karga politiko handiko hitzaldia egin du Euskalduna jauregian bildutako ELAko 736 delegatuen aurrean. Hala ere, nabarmendu du sindikatu bat direla, eta egungo gizartean «funtsezko tresna bat direla». Aurrera begira prekaritateak ez duela atzera egingo iragarri du, ez behintzat sindikatuek eragozten ez badute, eta, bere ustez hor egon behar du ELAk: «Gure helburua da sindikatua jartzea egoerarik okerrenean dauden esanetara». Era berean, erronka jarri dio bere buruari: «Prekaritatearen kontrako borroka hori areagotu behar dugu, bereziki soldata arrakalaren aurka».

Bide horretan, Lakuntzak grebaren aldarria egin du. «Guretzat, konfrontazioa ez da sekula hitz zakar bat izango», nabarmendu du. Gogoratu du 2022an lan hitzarmen asko berrikusi behar direla eta urte gogorra izango dela. «Aspaldi ikasi genuen borrokatzen dugunean bakarrik entzuten gaituztela», eta negoziazio horretan grebek izan dezaketen garrantzia aipatu du: «Grebak ez dira beste garai bateko gauza bat. Oso bizirik daude».

Errepublika independentea

Euskal errepublika independentearen aldarria izan da Kongresu Konfederaleko txosteneko berritasunetako bat. ELAk irmotasunez defendatu du egitasmo politiko hori, eta Lakuntzak azaldu egin du: «Errepublika batean bizi nahi dugu. Estatu propio batean, emakume eta gizonen berdintasuna bermatuko duena, gure esku utziko duena herri honen erabateko autogobernua». Era berean, zehaztu du errepublika horrek sozialista behar duela, euskalduna eta ingurumena zainduko duena.

Bide horretan, «esker instituzionala» interpretatu du. Eragile sozialak ezkerraren beharrean daudela nabarmendu du, erakundeetan bereziki. «Ezkerreko alderdi bategatik espero duguna da gai gatazkatsuak ez baztertzea, alternatibak lantzea eta oposizioa egitea. Hori nekez ikusten da gure instituzioetan. Aurrekontuei edo fiskalitateari besterik ez zaio erreparatu behar».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.