Albistea entzun

OMEk 'Omikron' izena jarri dio koronabirusaren aldaera berriari, eta «benetan kezkagarria» dela esan du

COVID-19aren aldaera berri baten berri eman du Hegoafrikak, baina aldaera bera topatu dute dagoeneko Belgikan eta Israelen. Txertoek haren aurka duten eraginkortasuna aztertzen hasi da OME.

Txertoa jasotzeko gune bat Johannesburgen. /
Txertoa jasotzeko gune bat Johannesburgen. / Kim Ludbrook/EFE Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Elizegi Egilegor -

2021eko azaroak 26

OME Osasunaren Munduko Erakundeko adituak bildu dira gaur Hegoafrikan zabaltzen ari den koronabirusaren ezaugarriak eta arriskua aztertzeko. Omikron (o txikia esan nahi du, eta grezierazko alfabetoko 15. hizkia da) bataiatu dute aldaera, eta OMEko ordezkariek adierazi dutenez, «benetan kezkagarria da mutazio mailan».

«Badirudi oso azkar zabaltzen dela, eta bi asteren buruan infekzio guztien protagonista da», esan du OMEko izurriei erantzuteko zentroko zuzendari Tulio de Oliveirak.

Izan ere, Omikronek 30 mutazio ditu gizakien zeluletan sartzeko bidea ematen dion proteinan. Horrek aukera ematen dio kutsagarriagoa izateko, eta ahalmena izan dezake txertoen bidez lortutako immunitatea gainditzeko. Edonola ere, eragiten dituen sintomak berdintsuak direla esan dute, eta kasu askotan sintomarik gabeko infekzioa eragiten duela, birusaren beste aldaerak bezala.

OME Osasunaren Mundu Erakundea aldaera berria aztertzen ari da, jakiteko ea egun dauden txertoek baduten gaitasuna hari aurre egiteko. Emaitzak heldu bitartean, ordea, Hegoafrikarako eta Afrika hegoaldeko beste hainbat herrialdetarako hegaldiak etetea erabaki dute Europako Batasunak, Erresuma Batuak eta AEBek. «Oso garrantzitsua da orain Europako herrialdeek aho batez eta modu bateratuan erantzutea. Aldaera berria zabaldu den herrialdeetarako bidaiak saihestu behar ditugu», ohartarazi du Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek.

OMEk iragarri du «asteak» beharko dituela aldaera berri ikertzeko, eta azaldu mutazio ugari dituen aldaera dela Hegoafrikan atzemandakoa, eta horrek eragin dezakeela birusaren jokabidea aldatzea, immunitatea gainditzeko aukerak handituz. Aldi berean, baina, ohartarazi die estatuei neurriak hartzekotan «zientzian oinarrituak» behar dutela izan. Hala, hegaldiak bertan behera uztea baino gehiago, maskara erabiltzeko, jende askoko bilkurak saihesteko eta eskuak garbitzeko aholkatu die herritarrei.

Gertatutakoa saihestu zitekeela uste du Justizia Globala Orain erakundeko kide Tim Bierleyk: «Hegoaldeko herrialdeetan txertoak banatu izan balira, mundua ez legoke orain halako aldaera baten aurrean. «Azken urtean Hegoafrika, Botswana eta hegoaldeko beste hainbat herrialdek eskatu dute COVID-19aren aurkako txertoari, testei eta tratamenduei patentea kentzeko, modu horretan, beraiek euren botikak ekoitzi ahal izateko. Baina Erresuma Batuak eta Europako Batasunak gelditu egin dituzte norabide horretan zihoazen ahalegin guztiak».

Aldaera berria joan den asteartean atzeman zuten lehen aldiz Hegoafrikan, baina, geroztik, estatu gehiagok ere jakinarazi dituzte kasuak, besteak beste, Hong Kongek eta Israelek. Israelgo lehen ministro Naftali Bennettek ohartarazi du herrialdea larrialdi egoeran sartzeko puntuan dela; izan ere, Malawitik iritsitako hegaldi bateko bidaiari batek positibo eman du aldaera berrian, eta adituek uste dute beste bi bidaiari ere kutsatuta egon daitezkeela. Hirurak berrogeialdian jarri dituzte. Hala ere, Bennett Osasun ministroarekin bilduta dago uneotan, eta prentsaurrekoa eskaintzekoa dute arratsaldean. Mahai gainean dauden neurrien arteko bat da Hegoafrikarako eta harekin mugakide diren herrialdetarako hegaldiak bertan behera uztea.

Europan ere agertu da lehen kasua, Belgikan atzeman dute. Han ere kasuak ugarituz joan dira azken asteetan, eta aldaera berriaren lehen kasua agertzearekin batera —Egiptora bidaiatu duen emakume batek eman du positibo—, neurri gogorragoak iragarri ditu gobernuak. Bihartik aurrera dantzalekuak eta gaueko aisia itxita egongo dira, eta mugatu egingo dituzte taberna eta jatetxeetako ordutegi eta gehienezko edukiak. Horrez gain, azkartu egingo dute lehendik bi dosiak hartu dituztenei hirugarrena jartzeko kanpaina. Oraingoz, etxeetan egiten diren bilerei gehienezko kopururik edo bestelako mugarik jarri ez dieten arren, aholkatu diete herritarrei familia edo lagunekin elkartu aurretik test bat egiteko.

Kontaktuak murrizteko eskea

Bitartean, goranzko joerak jarraitu egiten du Alemanian. Osasun ministro Jens Spahnek aholkatu du «ahalik eta gehien murrizteko kontaktuak» aurrerago neurri murriztaile gehiago hartu beharrik ez izateko, tartean erabateko itxialdia. Gaur 76.414 kasu berri eta 357 hildako jakinarazi ditu herrialdeak. Hala, hainbat landerretako gobernuburuk txertaketa derrigortzearen alde egin dute azken egunetan, nahiz eta Osasun ministroak proposamena babestu ez. Hegoafrikatik iritsi berritakoei ere zuzendu zaie Spahn, eta eskatu die datozen egunetan «arduraz jokatzeko» eta etxean geratzeko, nahiz eta zehaztu duen gaur-gaurkoz ez dutela Hegoafrikako aldaera berriaren kasurik atzeman herrialdean.

Portugalek ere neurri zorrotzagoak ezarriko ditu abenduaren 1etik aurrera. Izan ere, herritarren %86 dagoeneko txertatuta dauden arren, osasun egoerak okerrera egin du azken asteetan. Hala, COVID ziurtagiria eskatuko dute jatetxe eta gune turistikoetara sartzeko, eta, horrez gain, baita test negatiboa ere dantzaleku eta tabernetan sartzeko. Urtarrilaren 2a eta 9a bitartean, berriz, erabateko itxialdia ezarriko dute, eta etxetik lan egitera behartuko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ANGEL MADINA G. / EFE

«Deskolonizazioaz ari ote garen argitu behar du NBEk»

Arantxa Elizegi Egilegor

«Nazioartearen babespean» ezkutatzea leporatu dio Arabik Espainiari. Polisarioko kidearen esanetan, Madrilek «erantzukizun politiko eta juridikoa» du gatazkan.
Erizain bat Covaxin txertoaren dosiak eskuetan dituela, Bangaloren, Indian. / ©JAGADEESH NV / EFE

5.200 miliioi dolar eskatu dituzte COVAX programarako

Arantxa Elizegi Egilegor

Nazioarteko egitasmoak mila milioi dosi banatu zituen iaz herrialde pobreetan. Aurten beste hainbeste egitea dute helburu.

Txileko Poliziako agente bat manifestariei tiro egiten, 2019ko urriko mobilizazio batean. ©EFE

Boricek eskatu du Txileko eztanda sozialean atxilotutakoen kartzelaldia bukatzeko

Igor Susaeta

Senatuko batzorde batek onartu du 2019ko udazkenetik atxilotuta daudenei indultua edo amnistia ematea. Piñera presidentea kontra agertu da. Aurrera egiteko, kongresuko bi ganberek onartu beharko dute.

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa, gaur, Komunen Ganberara bidean. ©Andy Rain / EFE

Boris Johnson: «Festen ikerketaren ondorioak jakin arte itxaron behar dugu»

Ander Perez Zala

Erresuma Batuko lehen ministroa oposizioaren kritikak saihesten saiatu da pandemian emandako aurrerapausoetan arreta jarrita. Zenbait diputatu kontserbadore hasiak dira babesak biltzen gobernuburua kargutik kentzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.