Administrazioa

Kontu Ganberaren arabera, «gehiegizkoa eta kezkagarria» da langile publikoen behin-behinekotasuna

Bi langiletik batek 50 urte baino gehiago ditu. COVID-19aren krisiaren eraginez Nafarroako aurrekontuetako adierazle gehienek okerrera egin dutela nabarmendu du bere txostenean.

Langile publikoen protesta bat. MONIKA DEL VALLE (FOKU)
2021eko azaroaren 26a
12:31
Entzun

Nafarroako Kontu Ganberaren arabera, 2020. urtearen amaieran 32.000 langile publiko zeuden lurraldean, eta horietatik 17.000 aldi baterakoak ziren. Langileen behin-behinekotasuna, beraz, %54 da. Erakundeak «gehiegizkotzat eta kezkagarritzat» jotzen du ehuneko hori. Azpimarratu du Nafarroako Osasun Zerbitzuan hamar puntu handiagoa dela, eta horretan eragin zuzena izan dutela COVID-19ari aurre egiteko eginiko kontratazioek. Administrazio publikoko lantaldearen zahartzea ere nabarmendu du, azken urteetan areagotu egin baita. Izan ere, joan den urtearen amaieran, langile publikoen % 53k 50 urte baino gehiago zituen.

Sindikatuek denbora daramate administrazio publikoetako behin-behinekotasun tasa handiaz ohartarazten, mobilizazio ugari egin dituzte azken aldian, eta Espainiako Gobernua hori zuzentzeko lege egitasmo bat tramitatzen ari da Kongresuan (Iceta legea); besteak beste, oposizio arrunta gainditu gabe funtzionario izateko atea ireki du, administrazioan behin-behinean urteak daramatzatenen egoera egonkortzeko.

Zorraren hazkundea

Behin-behinekotasunari buruzko datuez gain, beste batzuk jasotzen ditu Kontu Ganberak Nafarroako 2020ko kontuei buruz eginiko txostenak. Azterketak zerga sarreren jaitsiera eta gastuen igoera islatzen du. Kontu Ganberak azpimarratu duenez, «adierazle ia guztiek okerrera egin dute». Nabarmendu du 2016az geroztik foru administrazioaren kontuek bilakaera ona izan duela, aurrekontu emaitza positiboekin eta zorraren jaitsierarekin, baina martxa on hori iaz eten zela pandemiaren ondorioz.

Txostenaren arabera, lurraldeko erakunde publikoek 4.600 milioi gastatu zituzten, eta 4.700 milioi bildu. Aurreko ekitaldiarekin alderatuta, gastuak %4 gehitu ziren (191 milioi) eta sarrerak %7 (315 milioi). Diru sarreren handitzea batez ere zorpetzearen ondorioz izan da. Txostenak dio zerga bilketa %7 jaitsi murriztu zela pandemiaren ondorioz. Zorrari dagokionez, adierazi du azken urteetan murrizten ari zela, baina iaz 350 milioi eurotan handitu zela (3.310 milioi guztira).

Gastuaren banaketari dagokionez, %27 Osasunera bideratu da (1.200 milioi), %17 Hezkuntzara (770 milioi), eta %12 Nafarroak Espainiako Estatuari Hitzarmen Ekonomikoaren bidez egiten dion ekarpenera (550 milioi). Joan den urtean, COVID-19aren pandemiaren ondorioz, Osasunean 100 milioi baino gehiago handitu zen gastua, Hezkuntzan 60 milioi inguru gehitu zen eta Gizarte Zerbitzuetan 40 milioi gehiago gastatu ziren.

Txostenak hamasei enpresa publikoei buruzko informazioa ere ematen du. Haren kontuek «nabarmen egin zuten okerrera» iaz krisiaren ondorioz, zazpi milioiko emaitza positibotik zortzi milioi negatibora pasatuz. Enpresa horien negozioaren %36 foru administrazioarena da. Iaz, enpresa horien zorra %11 murriztu zen (58 milioi).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.