Eguraldia

Gipuzkoak A-15 autobidea itxiko du bihar, «elurra hasten denean»

Euskalmetek 700 metrotik behera iragarri du elurra, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak erabat itxiko du Andoain eta Berastegi arteko zatia, bi norabideetan.

Elurra kentzeko makinak, A-15ean, Leitzan. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
jon ordonez garmendia
2021eko azaroaren 26a
15:10
Entzun

Euskalmetek elurra 700-500 metrora iragarri du bihar goizerako, eta, ondorioz, Gipuzkoako Foru Aldundiak itxi egingo du A-15 autobidea Andoain eta Berastegi artean, bidean egiten ari diren lanengatik. Aintzane Oiarbide diputatuak duela bi aste adierazi zuenez, tuneletako lanen ondorioz elurra kentzeko makinak zati horretan ezingo direlako aurrera eta atzera ibili hartu zuten erabakia.

Eusko Jaurlaritzak alerta laranja ezarriko du bihar 03:00etatik 24:00etara. Goizaldean, 900-700 metroan egongo da elur maila, baina goizean, 700-500 metrora jaitsiko da, eta arratsaldean, 500-400 metrora. Tarteka, baliteke beherago ere egitea elurra. Txingorra ere iragarri dute. Abisu horia ere ezarriko dute euriagatik lehorrean, eta olatuen tamainagatik itsasoan.

Autoak, GI-2130 errepidetik

Oiarbidek gaur adierazi du elurra hasten denean itxiko dutela autobidea. «Errepideko langileak eta trafikoa arautuko duten ertzainek erabakiko dute, lekuan bertan, A-15 autobidea noiz itxi. Eta zabaltzerakoan ere berdin jokatuko dugu: elurra egiteari uzten dionean, lanean daudenek erabakiko dute noiz dagoen errepidea modu seguruan irekitzeko moduan». Gipuzkoako aldean, Andoaingo irteeran bertan itxiko dute bidea. Iruñetik doazenak, berriz, Berastegiraino soilik joan ahal izango dira A-15etik.

Ibilgailu arinek Berastegi eta Tolosa lotzen dituen GI-2130 errepidea erabili ahal izango dute bidaiarekin jarraitzeko. Inguruetako herrietako alkateek joan den astean Gipuzkoako Hitza-n kezka agertu zuten autobidearen itxierak eurek egunero erabiltzen dituzten errepideetan izan dezakeen eraginagatik. «Harrituta eta haserre» agertu ziren. Oiarbidek gaur esan du arazo horretaz jabetzen direla, eta «baliabide guztiak» jarriko dituztela bide hori ahalik eta egoerarik onenean mantentzeko.

Ibilgailu astunak, N-1 eta Sakanako autobidetik

Gipuzkoako Aldundiak azaroaren 11n azaldu zuen Andoain eta Berastegi artean trafikoa eteten duenean Nafarroarekin koordinatuko duela trafikoa. Berastegira iritsita, kamioiek eta bestelako ibilgailu astunek debekatuta izango dute GI-2130 errepidea erabiltzea, eta buelta emanaraziko zaie, Sakanatik barrena joan daitezen Gipuzkoara. N-1 errepidea eta Sakanako autobidea baliatu beharko dituzte itzulbira egiteko.

Oiarbidek gaineratu zuen A-15a ixten duten egunetan N-1ean eta GI-2130ean areagotu egingo dela errepide horietan mantentze lana egiten eta laguntza ematen dutenen zerbitzua, baita Berastegi eta Leitza arteko A-15aren zatian ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.