INGURUMEN LEGEA

Gasteizko eta Irungo udalak Ingurumen Administrazioko Legeari egindako zuzenketaren aurka agertu dira

Udal autonomia urratzen dutela salatu dute bi udaletako taldeek, eta prozesuan Eudelen parte hartzea galdegin dute.

Eusko Jaurlaritzak Subilla Gasteizko eremuan egin nahi zuen Armentia II putzua. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
jone arruabarrena
2021eko azaroaren 26a
16:36
Entzun

Irungo Udalak asteazkenean adierazi zuen, eta Gasteizen gaur atera da berria argitara: udalek ez dute nahi interes orokorreko proiektuen figura indarrean jartzerik. Irungo Udalak —PSE-EE eta Ahal Dugu— Jose Antonio Santano alkatea buru duela, argudiatu du figura juridiko horrek udalen autonomiari eragiten diola. Gasteizen, berriz, oposizioko taldeek udalbatzarrean adostu dute zuzenketaren aurka agertzea, eta horiek ere salatu dute «tokiko demokraziari» kalte egiten diola figura horrek.

EAJk eta PSE-EEk Ingurumen Administrazioko Legeari egindako zuzenketa batetik dator afera. Zuzenketa horren bidez, bi taldeek proposatu zuten interes orokorreko proiektuen figura sortzea. Tresna hori erabiliko luke gobernuak proiektu jakin batzuk izendatzeko, eta, hala eginez gero, udalek ez lukete proiektu horren gainean erabakitzeko eskubiderik izango, bere lurretan gauzatzen bada ere.

Aferak eragin berezia du, batez ere, Gasteizen. Izan ere, entzutetsua izan zen gas putzuen ustiaketaren auzia. Armentiako zelaietan zegoen putzuan gasa ustiatzeko proiektu bat martxan jarri nahi izan zuen Jaurlaritzak, baina Gasteizko Udala aurka agertu zen, bere hirigintza planarekin bat ez zetorrela argudiatuta. Orain, zuzenketa hori onartuz gero, Jaurlaritzak eskubidea izango luke proiektu horri interes orokorreko figura ezartzeko eta, beraz, baimentzeko.

Iruneko Ahal Duguk azaldu zuen Jaurlaritzaren «azpijoko» bat dela zuzenketa, eta gauzak «atzeko atetik» egitea leporatu zion. Gainera, adierazi zuen Jaurlaritzak Eudelen iritzia entzun beharko lukeela zuzenketa hori onartu baino lehen — Gorka Urtaran Gasteizko alkatea da Eudeleko presidentea—.

Gasteizen, berriz, oposizioko taldeek zuzenketa bat aurkeztu dute udalbatzarrean, eta gas ustiaketaren «mamuaz» ohartarazi dute
—beraien botoak batu dituzte, eta beraz PSE-EE eta EAJk osatutako udalarenak gainditzen dituzte—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.